Koronabirusa Uribe Kostan

Kirolabirusa

Jon Lopez 2020ko mar. 29a, 14:05

Koronabirusak ez du kutsatu gabeko esparrurik utzi, eta asko dira higatu dituen eremuak. Kirolak ere, jakina, ezin izan dio koronabirusaren krisiari ihes egin, eta badu gaixotasun propioa: kirolabirusa. Hainbat direnez kirolaren esparruan sortu diren arazoak, goazen horiek banan-banan aztertzera.

Berrogeialdiak gimnasio, kiroldegi eta parke publikoak itxi ditu; eta, beraz, etxetik irteteko eta ariketa fisikoa egiteko aukerak erabat murriztu dira gure herrietan. Eta kontua ez da hutsala loditasun eta sedentarismo osasun-arazo larriak dituen gizarte honentzat. Kale eta gimnasio faltaren aurrean, sare sozialetan baliabide birtualak izugarri ugaritu dira, eta kirola egiten jarraitzeko aukerak topatu dituzte askok. Gaitz erdi.

 

Umeek ez dute kirola egiten, umeek ez dute ariketa fisiko arauturik egiten. Umeak, batez ere, alde batetik bestera aritzen dira

 

Umeek, baina, ez dute (eta ezin dute) logika hori ulertu. Umeek ez dute kirola egiten, umeek ez dute ariketa fisiko arauturik egiten. Umeak, batez ere, alde batetik bestera aritzen dira, korrika, jauzika, oinez, dantzan... Eta horretarako parkea, kalea, mendia, hondartza... behar dituzte. Sarri ahaztu egiten zaigu umeak ume direla, koronabirusarekin zein gabe.

 

Adinekoek eta behar bereziak dituzten pertsonek ere, kirola egiteko zailtasunak dituzte konfinamendu garai honetan. Askotan profesionalek gidatu eta zuzendutako saioak behar dituzte, kontaktu estukoak, eta horiek, jakina, bertan behera geratu dira ia kasu gehienetan. Horietako askok ez dute online lan egiteko gaitasunik ezta baliabiderik ere, eta egun hauetan galdutakoa (indarra, arintasuna, malgutasuna...) nekez berreskuratuko dute.

 

Klubek oso egitura ahulak dituzte gehienetan, eta sekulako zailtasunak izango dituzte itxialdiaren ondoren pertsiana berriro igotzeko

 

Kirol-klubak ere ataka larrian dira. Euren jarduera osoa bertan behera gelditu da, eta ia ezinezkoa dute bestelako zerbitzurik eskaintzea. Klubek, gainera, oso egitura ahulak dituzte gehienetan, eta egoera honetatik irteteko sekulako zailtasunak izango dituzte itxialdiaren ondorengo egoera berrian pertsiana berriro igotzeko.

 

Ezin ahaztu kirolari profesionalak kirolaren analisi honetan, eta, jakina, multzo horretan kirolari profesional prekarizatuak ere sartu behar ditugu. Horiek ere badaudelako, eta uste baino gehiago. Soldata baxuak eta baldintza eskasak dituen kirolari profesional asko dago, eta horien egoera ez da batere samurra izango, beste langile askori gertatuko zaien bezala.

 

Laburbilduz, hamaika arazo izango dugu guztiok aurreko egoerara itzultzeko; eta kirola ez dago horretatik salbu. Baina edozein krisik aukera ekarri ohi du besapean, eta oraingoak gizartea mobilizatzeko (literalki) balioko duelakoan nago. Etxean sartuta egun asko eman ondoren, kaleak betetzeko, mugitzeko eta kirolaz gozatzeko irrikan gaude, sedentarismoari behin betiko agur esanez. Whatsappez heldutako mezu batek esaten duen bezala: “Ez dugu normaltasunera itzuli nahi, normaltasuna bera zelako arazoa”.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun