Koronabirusa Uribe Kostan

Hurrengo jarduerek ez dute etenik izango

Argia 2020ko mar. 30a, 11:55

Martxoaren 30etik apirilaren 9ra "lehentasunezkoak" ez diren jarduerak ixtea agindu du 10/2020 Errege Dekretuak. Martxoaren 30a trantsiziorako eguna izango da, lan egingo da enpresa gehienetan. Asko dira, ordea, Errege Dekretuak "lehentasunezko" izendatu dituelako, bi asteotan jarduera etengo ez dutenak: besteak beste, enpresak lana aldi baterako eteteko erregulazioa (ERTE gazteleraz) eskatua edo onartua duten enpresetako langileek lanera joan beharko dute. Azken aldian izugarri hazi diren banatzaileek martxan jarraitu beharko dute, janari prestatua zerbitzatzen edo internetez erositako produktuak banatzen.

Martxoaren 30etik apirilaren 9ra, biak barne, markatzen du etenaldia Errege Dekretuak. Baina martxoaren 30a bera, astelehena, "trantsizio" moduan planteatzen du: "Jarduera berehala etetea ezinezko den kasuetan" langileek joan ahalko dute lanera, itxiera prestatzera.

Garraiolariak bidean harrapatu baditu martxoaren 30ak eta bere jarduera ez bada "lehentasunezko" gisa izendatua, egiten ari diren zerbitzu hori bukatutakoan hasiko da haientzat etenaldia.

Segi telelanean

Telelana egin dezaketenek hala egiten jarraitu beharko dute. Horiez gain, langile hauek guztiak salbuetsita utzi ditu 10/2020 Errege Dekretuak eta beraz, lanean jarraituko dute:

ERTEa duenak, lanera

Lana aldi baterako eteteko erregulazioa (ERTE gazteleraz) eskatuta duten enpresetako langileek lanera joan beharko dute. Baita ERTEa onartua zaien enpresetako langileak ere.

Zaintza, ikerkuntza eta ehorztetxeak

Errege Dekretuak atal berean batu ditu. Osasun zentroetako langileek lanean jarraituko dute, baita zaintza langileek ere: helduen zaintza, umeena, dependentzia duten pertsonena, elbarritasunak dituztenena...

COVID19a ikertzen eta garatzen duten zentro eta enpresek lanean jarraituko dute. Baita ikerketa hauetarako materiala eskaintzen duten enpresek ere.

Egoitza hauen oinarrizko mantenua bermatzen duten langileek ere martxan jarraituko dute.

Ehorztetxeetako langileek ere lanean jarraituko dute.

Funtzionarioak

Tokian tokiko administrazio konpetenteek erabakiko dute nola aplikatzen den Errege Dekretu hau. Honela dio zehazki: "Lurralde Politikako eta Funtzio Publikoko Ministerioak eta autonomia-erkidegoetan eta toki-erakundeetan eskudun direnek ahalmena izango dute Errege Dekretuaren aplikazio-eremuko enplegatu publikoen zerbitzu-prestazioa arautzeko beharrezkoak diren jarraibideak eta ebazpenak emateko".

Zerbitzu publikoek azpikontratatutako enpresak, lanera

Sektore publikoarentzako azpikontratatutako obrak, zerbitzuak, eta horniketa langileek lanean jarraitu beharko dute, horiek beharrezko badira eraikinak seguru mantentzeko eta zerbitzu publikoak egoki emateko.

Elikadura katea

Oinarrizko produktu hauek sortu, garraiatu eta saltzeko kate osoa martxan mantenduko da: janariak, edariak, animalientzako elikagaiak, garbitasun produktuak, botikak, osasun produktuak...

Etxera eramateko janaria

Ostalaritzak eta janaria prestatzeak martxan jarraituko du, etxera eramateko zerbitzuetan.

Errefuxiatuen egoitzetako langileak

Errefuxiatuak hartzeko egoitzek lanean jarraituko dute.

Manufaktura-industria

Lehentasunezko jarduerei materiala eskaintzen dieten manufaktura-industriak martxan mantenduko dira.

Komunikabideak eta telekomunikazioak

Komunikabideek martxan jarraituko dute, baita hauen banaketarako zerbitzuek, kioskoek eta inprentek ere.

Telekomunikazio zerbitzuek ere bai, eta dekretuak aipatzen ditu telelana bermatzeko azpiegitura lanak.

Garraioa azken aldian bezala

Alarma Estatua indarrean jarri zenez geroztik martxan izan diren garraio denek martxan jarraituko dute: bai pertsonen eta bai merkantzien garraioak.

Animalien osasun arreta martxan

Albaitaritza zerbitzuak eskaintzen dituzten jarduerek martxan jarraituko dute.

Medikuentzako tresneria sortzen duen kate osoa

Osasun teknologia, osasun materiala, babesteko jantziak, eta medikuek behar duten guztia ekoizten duen katea.

Genero indarkeriaren biktimak artatzen dituzten langileak

Horiek denak lanean jarraituko dute zerbitzua eskaintzen.

Hondakinen kudeaketa eta ur zerbitzua martxan

Garbiketa enpresak, eta bilketa, kudeaketa eta tratamendua bermatzen duten zerbitzuak martxan izango dira.

Ur saneamendu kate osoak martxan jarraituko du.

Posta eta internetez erositako bidalketak martxan

Correosek lanean jarraituko du. Internetez erositako produktuak banatzen dituzten langileek ere bai.

Meteorologia zerbitzuak martxan

Eguraldia iragartzeko zerbitzua eskaintzeko kate osoa ere martxan izango da.

Poliziak, kartzelak, segurtasun enpresak martxan

Kartzeletako langileek jarraituko dute. Baita ere itsas salbamendukoak, suteak babestekoak, mehatzeetako segurtasunaren arduradunak eta trafikoko poliziek. Segurtasun enpresa pribatuek, bai etxeetako alarmak kudeatzen dituztenak, garraio segurua eskaintzen dutenak eta abar, eskaintzen duten zerbitzua bermatzeko moduan lan egin beharko dute.

Finantza etxeak eta bankuak martxan

Seguruak, inbertsioak egiteko etxeak eta bankuak martxan izango dira.

Armagintza martxan?

Errege Dekretuak dio "indar armatuen materiala eta ekipoak mantentzen laguntzen duten ezinbesteko" jarduerak martxan izango direla.

Epaitegiak eta notariotzak

Epaile, fiskal, abokatu, prokuradore eta letratuek jarraituko dute Alarma Estatuak eten ez dituen prozesuekin (martxoaren 14an estatuko Justizia Idazkariak emandako Erresoluzioan daude hauek zehaztuta).

Justiziako administrazioko langileek jarraituko dute lanean, Erregistro Zibilaren oinarrizko zerbitzuak martxan izateko.

Notariotzek ere martxan jarraituko dute.

Albiste hau Argiak argitaratu du, eta CC BY SA lizentzia baliatuz ekarri dugu HIRUKAra

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun