Berangori dagokionez, Kultur Etxearen facebook orria baliatu dute adin guztietako pertsonei jarduerak proposatzeko. Orain arte talde bi sortu dira: adinekoek etxean gimnasia egiteko bata, eta Berango Etxean izenekoa bestea. Bigarren horretan, aukera egongo da "jarduera atsegingarri eta parte-hartzaile bat daukatenek" besteakaz partekatzeko: berba gurutzatuak, letra-zopak, esaera zaharrak, asmakizunak, tutorialak...
Bestalde, Udalak gogorarazi du bere jarduera guztien gaineko informazioa eta osasun-alertaren gomendioak ikusbide dituela www.facebook.com/berango web orrian.
Barrika Etxean
Ildo berekoa da Barrikako Udaleko Kultur Sailak eta bertako liburutegiak sortu duten Barrika Etxean blog interaktiboa. Azaldu dutenez, "liburutegiko arduradunak eskulanei buruzko bideoak eta/edo tutorialak jarriko ditu, adin guztietako jendearentzat, baita gastronomia tailerrak, irakurgaien gomendioak, ipuinen bideoak, esperimentuen bideoak eta abar ere. Guztiak ele bitan izango dira. Halaber, parte-hartzaileek beren jarduerak eta iradokizunak bidali ahal izango dituzte, barrikaetxean@gmail.com helbidea erabilita, hurrengo egunetan erabiltzeko".