Epe horretan, 28.480 pertsona identifikatu dituzte, alarma-egoeraren ondoriozko konfinamendu-agindua urratzen egon zitezkeelakoan. Identifikazio horietatik, 17.109 Ertzaintzak egin ditu, eta 11.371 udaltzainek.
Testuinguru horretan, gaur sinatu dituzte poliziei ez obeditzeagatik zabaldutako lehenengo 250 espedienteak. Bakoitzagatik ezarriko den zigorra 602 euroko isuna da, erdira jaitsiko dena jakinarazpena jaso ondorengo lehenengo hamabost egunetan ordainduz gero.
Uribe Kostako datu zehatzik ez dago, baina Sopelako Udalak bere webgunean ipini du bertako Udaltzaingoak alarma-egoerari lotuta egindako jardueren berri. Hain zuzen ere, 282 lagun identifikatu eta 72ri zehapena ezartzeko proposatu dute, lerro hauek idazteko unean. Gainera, 505 ibilgailu geldiarazi dituzte.
Bestalde, Sopelako Udaltzaingoak sarean zabaldu du Gasteizko Poliziak alarma-egoeraren interpretazioaz zalantzak argitzeko argitaratutako dokumentu bat.