Koronabirusa Uribe Kostan

Hilik al zaude?

Maitane Nerekan Umaran 2020ko api. 9a, 15:17

Friedrich Nietzsche.

Gogoratzen dut unibertsitate garaiko parrandetan, ostegun sozialetan, jendeak “zuk zer ikasten duzu?” galdera egin eta Filosofia esaten nuenean, ohikoa zela erantzun berdina entzutea: “Benetan? Niri Nietzsche ikaragarri gustatzen zitzaidan institutu garaian”. Oraindik ere, erantzun hori jasotzen dut noiz edo noiz (gutxiagotan, ez dudalako jende berria ezagutzeko aukera handirik). Pentsalari misogino eta gaixoa (bizitzaren azken 11 urteak ohean eman zituen gaixotasun mental eta fisikoak jota), iraultzaile plantak egiteko klitxe erraza omen zen. Dagoeneko ikasi dut, Jule Goikoetxea edo Joxe Azurmendiren teoriak gustuko dituztenak morbo gehiago sortzen didatela Nietzsche zaleak baino. Hala ere, filosofo horren zenbait irakaspen abiapuntu izan daitezke bizi dugun egoera honetaz hausnartzeko.

Jaunen eta morroien moralaz hitz egiten zigun Nietzschek. Bere ustez, Mendebaldeko Filosofiak eta erlijioek (kristauak batez ere) menpekoen morala ontzat ematera eraman gaituzte eta hori da Europako gizartearen minbizirik handiena. Apala, ona, zintzoa, tolerantea, solidarioa, langilea, bakezalea… Balore horien jabe izateak eramaten omen gaitu bide zuzenetik.

Baina Nietzscherentzat ez dago bide okerragorik. Ona eta tentela oso hurbil ikusten omen zituen. Botere-nahiak askatuko gintuen bere ustez; modu positiboan ulertu zuen botere-nahi hori. Barruan daukagun potentzialaz jabetzea eta probetxua ateratzea da bidea prusiarrarentzat. Arrazoiaren moral absolutistatik askatu eta irrazionalaren eta sentipenen indarrari ere ateak irekitzea. Apolo (oreka, neurritasuna) eta Dionisosen (neurrigabea, kitzika, gauaren jainkoa) arteko orekan dago gakoa pentsalariarentzat.

"Dena osasunaren izenean da, bizitzaren zaintza sakrosantuaren izenean, zaurgarrienen izenean, aitita-amama gaixoen izenean… eta horregatik onartu behar izan ditugu gure bizitzan sekula imajinatu ezin genituen neurriak"

Koronabirusaren memento kurioso (nolabait izendatzearren) honi esker, Nietzsche berreskuratu dut (horregatik eta telelana deitzen duten horretan ikasleentzako online materiala sortu behar izan dudalako, zintzoa izanda). Ez dakit zuei, baina niri zaila egin zitzaidan hasierako fasean gertatzen ari zenaz eta hartzen ziren erabakiez iritzi propio bat eraikitzea. Dena osasunaren izenean da, bizitzaren zaintza sakrosantuaren izenean, zaurgarrienen izenean, aitita-amama gaixoen izenean… eta horregatik onartu behar izan ditugu gure bizitzan sekula imajinatu ezin genituen neurriak (nahi duguna nahi beste ukitzeko debekua, nahi dudan tokian arnasteko debekua, umea plazara eramateko debekua…).

Ezin horiek zalantzan jarri, bizitzaren zaintza sakrosantuaren izenean egiten baitira; onartu ezean, gaiztoa zara, berekoia. Zalantzan jarriz gero batzuek zientziaren dogmatismoarekin erantzuten dizute, beste batzuek moral onaren dogmatismoarekin eta gehienek beldurraren ondoriozko makro-dogmatismoarekin. Bai, ni ere beldur naiz, baina oraindik ez nago hilik eta, bizirik gauden bitartean, dena (baita gure sektakoek esaten dutena ere) zalantzan jartzea da dugun bide bakarra bizirik gaudela ziurtatzeko.

"Konfinamenduarena ez al da astakeria bat? Zer da garrantzitsuagoa, gure osasun mentala ala fisikoa? Txakurrak atera ahal izatea eta umeak ez, ez al da umeen tratu txarrerako neurria? Zergatik txalotzen ditugu osasun langile guztiak, ez al daude klaseak horien artean ere? Zergatik da hain garrantzitsua fabrikak zabaltzea, zoritxarrez 3. sektorea baldin bada lan gehien ematen duena Euskal Herrian? Larriagoa da jende nagusia ala gaztea hiltzea? Balkoietako maderoek etxeetan eskratxeak egitea merezi al dute?..."

Hori dela eta, hona hemen hautsak harrotzeko galderak: konfinamenduarena ez al da astakeria bat? Zer da garrantzitsuagoa, gure osasun mentala ala fisikoa? Egia al da neurri horiekin zaurgarrienak babesten ditugula? Gure nagusiak zaintzea baldin bada lehentasuna, zergatik ez guztiei testak sistematikoki egin? Txakurrak atera ahal izatea eta umeak ez, ez al da umeen tratu txarrerako neurria? Zergatik atera daitezke txakurrak baina katuak ez? Nik nahiago badut nire burua kutsatu, zergatik ezin dezaket hori egin? Zergatik txalotzen ditugu osasun langile guztiak, ez al daude klaseak horien artean ere? Zergatik txalotzen ditugu soldatapean bere lana egiten ari direnak? Heroiak sortzearena ez al da gizartea distraitzeko estrategia? Zergatik egin behar diogu kasu poliziari? Zergatik itxi behar du Morotxok bere denda eta Amazonek zabalik jarrai dezake? Zergatik ez dute Getxo Antzokia berrogeialdirako gune bihurtu? Zergatik da hain garrantzitsua fabrikak zabaltzea, zoritxarrez 3. sektorea baldin bada lan gehien ematen duena Euskal Herrian? Zergatik esan dezake presidente espainiar batek nik zer egin behar dudan? Garrantzitsua al da osasunez gaizki dagoen 90 urtetik gorakoa bizirik mantentzea? Onartu behar al dugu gure hurbilekoak isolatuta hiltzea? Onartu behar al dugu hildakoak agurtzeko erritual kolektiboak debekatzea? Larriagoa da jende nagusia ala gaztea hiltzea? Balkoietako maderoek etxeetan eskratxeak egitea merezi al dute? Plazer, konpainia edo droga beharrean dagoenak, zergatik ezin du nahi duenaren etxera aldatu? Positiboa al da gertatzen ari den guztia? Ze kalte egiten dio egoerari jendea mendira joateak? Beharrezkoa al da hildako eta gaixotuen datuak egunero ematea? Tradizio komunistako herrialdeek hobeto kudeatu badute, ez al da komunismoa gobernu modurik egokiena? Zein enpresari bai eta zeini ezin zaio ERTEa onartu?

Amak, aitak, ahizpek, lagunek, bizilagunek edo nik neuk planteatutako galderak dira horiek guztiak. Nik ez dut erantzunik gehienentzat. Batzuk pentsatuko dute moral gabekoak garela horietako batzuk planteatzeagatik. Baina niretzat bizirik gaudela erakusten dute, jarrera kritiko autonomorako gaitasuna galdu ez izanaren seinale baitira zalantzak. Bakoitzak nahi duena jar dezala zalantzan, baina jar dezala mesedez, erantzunik ez badu ere. Supermerkatura joan eta guanteak jantzita neure burua ilaran ikusten dudanean, neurri batean, hildako sanoak besterik ez dut ikusten nire inguruan. Morroiak. Apoloren integrista erradikalak. Bizitzan hildakoak.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun