Koronabirusa Uribe Kostan

"Umeak etxean preso, SOS haurrak" aldarria balkoietara zabaltzen ari da

Axier Lopez / Argia 2020ko api. 14a, 13:06

© ALTZOAN TALDEA

Espainiako Gobernuak umeen beharrei muzin egiten jarraitzea erabaki du, gutxienez hilaren 26ra arte. Egoeraren larriaz kezkatuta, zenbait guraso kalera ateratzen ari da haurrak aire zabalera ateratzeko aldarria. Eta bestetik, gaur 12:00etan, eltze-jotzea antolatu dute sare sozialen bidez "Haurrak SOS" lemapean.

Gero eta gehiago dira umeak aire zabalera ateratzea ezinbesteko neurria dela aldarrikatzen duten ahotsak. Espaniako Gobernuak, ordea, gutxienez oraingo alarma-egoera amaitu arte (hilak 26), haur eta nerabeei debekua ez kentzea erabaki du.

Horren aurrean, zenbait guraso salatzen ari dira umeen eskubide eta beharrak existituko ez balira bezala jokatzen ari dela Espainiako Gobernua. Horren adibide da Lekeitioko Altzuan hazkuntza taldeak sare sozialen bitartez egindako deialdia: "Jarri balkoietan ondorengo lelo hau edo bururatzen zaizun besteren bat agintariek umeak aire zabalean egoteko beharra kontuan har dezaten: Umeak etxean preso. SOS Haurrak".

Halaxe diote Facebookeko beren orrian: "Egoera berezi honetan badago jende kopuru handi bat ez dena kontutan hartu, ezta aitatu ere: gure umeak! Eurak dira bakarrak ezin direnak irten ezertarako ere. Gu nagusiok ahal gara irten beharrera, erosketak egiten, txakurra paseatzen... eurak ez! Betiko legez, helduzentrismoaren biktima dira, ikustezinak, apestatuak, arriskutsuak... Ba ez! Eurak gutxienez geuk beste eskubide daukate, eta beharrizan handiagoak beharbada". Hainbatek heldu dio ekimenari jada.

Gaur eltze-jotzea

Sare sozialen bitartez ere proposatu da, antolatzailerik zehaztu gabe, gaur 12etan eltze-jotze bat egitea "SOS Haurrak, gure umeen eskubideen alde" lelopean.

Argia aldizkaritik hartu dugu artikulu hau, Creative Commons-en CC BY SA lizentzia baliatuta. Ikusi hemen jatorrizko artikulua.

 

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun