Ona
Ikuspegi instrumental soiletik, ezin ukatu IKTak oso erabilgarri suertatzen ari direla hainbat esparrutan. Haiei esker, sendagileak kasu arinen jarraipena egiten ari dira urrutitik, osasun sistemaren lan karga arinduz, eta isolatuta dauden gaixo eta adinekoek harreman minimo bat manten dezakete kanpoaldearekin, egoera apur bat leunduz.
Egunerokoari nolabait eusteko makulu ederra suertatzen ari dira teknologiak: elkartasun sareak antolatzeko baliabide aparta izaten ari dira
Osasun gaietatik harago, egunerokoari nolabait eusteko makulu ederra ere suertatzen ari dira teknologiak: elkartasun sareak antolatzeko baliabide aparta izaten ari dira, eta etxean itxita gaudenontzat familia eta lagunekin harremana mantentzeko, etxetik irten gabe ikasi lan edo erosketak ere egiteko aukera badaukagu.
Eta zer esan entretenimenduaz: udaberri arraro honek benetako loraldia ekarri die telebistei eta eduki plataformei. Inoiz baino eduki gehiago kontsumitzen eta sortu ere, erruz sortzen ari gara IKTei esker. Biderkatu egin zaizkigu memeak, etxean egindako bideoak, zuzeneko emisioak... Kulturgileentzat ere, internet bilakatu da egunotan erakusleiho nagusia.
Beraz, neurri batean esan liteke zorionekoak garela osasun krisialdi honek IKTak hain garatuta daudela harrapatu gaituelako. Osasun sistemaren ikuspegitik, gauzak askoz okerragoak lirateke autodiagnostiko, jarraipen eta urrutiko harremanetarako tresnarik gabe. Gizarte eta ekonomiarenetik, berriz, herritarron bakartzea, jarduera ekonomikoen etena, eta horren guztiaren eragin psikologikoa ere dezente larriagoak izango lirateke teknologiak eskaintzen dizkigun aringarriak hor izango ez bagenitu.
Txarra
Alde txarrak ere badira, noski. Kolpe hau oso une txarrean etorri da: teknologiarekiko mendekotasunaren inguruko ardura apur bat zabaltzen hasia zenean. Telefono egileak eurak ere oraintxe ari ziren hedatzen larregizko erabilera kontrolatu eta murrizteko tresnak. Ezohiko egoera honek, baina, bigarren planora eraman du kezka hori, eta azken orduko informazioaren egarriak gehi behartutako itxialdiaren ondoriozko asperdurak pantailetara pega-pega eginda jarraitzeko aitzakia ederra eman digute.
Aurrez aurreko elkarreragina debekatuta, animalia sozialak garenez, sare sozialetara jo dugu interakzio bila. Eta horrekin batera, gezurretako mezuen hedapena ere biderkatu egin da
Aurrez aurreko elkarreragina debekatuta daukagula, animalia sozialak garenez, sare sozialetara jo dugu masiboki interakzio bila. Eta sare sozialen erabilerarekin batera, gezurretako mezuen hedapena ere biderkatu egin da. Dinamika sinple bezain gaiztoek elikatzen dute fenomenoa. Batetik, lagun eta senideen mezuak fidagarriagoak iruditzen zaizkigu komunikabideetatik auskalo zer interes ilunen izenean iristen zaizkigunak baino. Bestetik, sare sozialak propio diseinatuta daude gutako bakoitzak jarraitzaile eta oihartzun handienaren bila bultzatzeko, eta horiek askoz errazago lortzen dira mezu deigarriak zabalduz.
Hortik aurrera, barra librea: limoi urak edo ur beroak birusa hil eta minbizia sendatzen duela, funtzionario plantak egiten dituzten lapurrak dabiltzala etxez etxe, era guztietako argazki, bideo eta audioak, zein baino zein deigarriago... Zurrumurru absurdoen hedapena biderkatu egin da, mezuok munduko intentziorik onenarekin baina batere kontrastatu gabe zabaltzearen zabaltzeaz.
Telelanak salbatu du enpresa askoren jarduna. Interneteko konexioa doako zerbitzu unibertsala balitz bezala hitz egiten ari da egunotan, baina ez, ez da
Lan esparruan ere fenomeno bitxiak gertatzen ari zaizkigu. Telelanak salbatu du enpresa askoren jarduna. Interneteko konexioa eta hura aprobetxatzeko gailuak doako zerbitzu unibertsala balira bezala hitz egiten ari da egunotan, baina ez, ez dira. Enpresa asko martxan mantentzeko erruz egiten ari garen bideokonferentzia, telefono dei, urrutiko konexio eta abarretako asko langileon poltsikotik ordaindutako internet sarbide, telefono linea eta gailuei esker egiten ari dira. Espero dezagun alde batek erakutsi duen eskuzabaltasun eta konpromisoa beste aldeak ere erakustea ezohiko egoera pasatzen denean...
Eskolan ere, beste horrenbeste. Teleikasketa aurkeztu zaigu salbazio taula gisa... baina familia asko dira internet eta/edo beharrezko gailuak erosi ezin dituztenak. Egia da hainbat eragile pribatu ari direla laguntza eskaintzen lubaki digitala gainditzeko, bai... Baina horiek petatxoak baino ez dira goitik behera berrikusi beharreko sistema batean.
Itsusia
Dena den, okerrena ez da zer gertatzen ari den, ondoren zer etor daitekeen baino. New Yorkeko Dorre Bikien aurkako erasoak garai berri bat ireki zuen segurtasuna eta herritarron zaintzari dagokionez. Krisi honek ere antzeko efektua ekar diezaguke konturatu orduko. Osasun-segurtasunaren aitzakia haizatzen ari da jadanik gure beldurrak astindu eta teknologiaren bidezko kontrol zorrotzagoa onar dezagun.
Jaurlaritzak eta beste erakunde publiko askok pandemiaren aurka laguntzeko telefono aplikazioak zabaldu dituzte egunotan. Abiapuntua zentzuzkoa dirudi: telefonoa erabilita jakin badaiteke gaixo bakoitza non eta norekin dagoen une oro, horrek asko lagun dezake konfinamendu orokorren ordez askoz ere neurri mugatu eta eraginkorragoak ezartzen.
Europa mailako hainbat unibertsitatek eta ikerketa zentrok osatutako partzuergo horren helburua da herritarron harremanak mugikorren bidez behatzeko Europa mailako sistema bat eratzea
Baina, zer preziotan? Joan den astean bertan, Espainiako gobernuak iragarri zuen, ez oso ozen, hori ere egia da, Pepp-PT delako partzuergoarekin bat egin duela. Europa mailako hainbat unibertsitatek eta ikerketa zentrok osatutako partzuergo horren helburua da herritarron harremanak mugikorren bidez behatzeko Europa mailako sistema bat eratzea. Gure mugikorren bluetooth funtzioa erabilita, zehatz-mehatz jasotzea gutako bakoitza norengandik hurbil ibili den. Printzipioz anonimotasuna gordez eta osasun helburuekin: kutsatutako pertsonengandik hurbil ibili direnei jakinarazi ahal izateko. Baina praktikan, proiektuaren sortzaileetako batzuek alde egin dute, azken asteotan abiapuntuko anonimotasuna eta izaera irekia baztertu egin direlako. Eta Espainia aldean, barne ministroak berak, Grande Marlaskak, lasai asko esan du osasun publikorako ez ezik, berak ez lukeela baztertuko populazioa ‘gainbegiratu eta zigortzeko ere’ erabiltzea, beti ere legearen barruan, noski.
Hori guztia gutxi balitz, herritarron behaketa masibo hau ez dute erakunde publikoek zuzenean egingo, enpresa pribatuen bidez baizik. Pentsa: Googlek eta Applek, telefonia munduan lehiakide ez ezik ia-ia areriotzat ere jo daitezkeenak, hitzarmen publikoa egin dute, Pepp-PT Partzuergoak sortutako teknologia Android eta iOS sistema eragileen barruan txertatzeko. Hau da: gure harremanen kontrol eta erregistroa egiteko ez da ezelako aplikaziorik instalatu beharko. Telefonoa pizteaz bat automatikoki gertatuko da. Baina e, lasai egon: ETBko albistegietan erakutsi digute norainoko kontrol zorrotza egiten duten Wuhan hirian mugikorren bidez. Jarraipen aplikazioa nahitaezkoa da han erosketak egin, taxia hartu edo lanera joateko. Mezu lasaigarriekin apaindu digute albistea: “Total, pribatutasuna erabat galdua zuten lehendik ere, orain gutxienez salbu daude, osasunaren aurka babestuta...”.
“Zer nahiago duzu, pribatutasuna ala osasun publikoa?"
Ematen baitu horixe dela kontua: “Zer nahiago duzu, pribatutasuna ala osasun publikoa?”. Mediku ona ala euskaldunarena bezalaxe, dikotomia faltsua da. Ez dira termino kontrajarriak, eta beraz galderak ez du zentzurik, ezin da bata ala bestea aukeratu. Inoiz galdetzen badizute, gogoratu: erantzuten saiatuz gero, zureak egin du.