Egoera berria ez den arren, Covid-19aren pandemiak krisi ekonomiko eta soziala "gordindu" egingo duela deitoratu du Uribe Kostan sortu berri den UKan gazte langile antolatuen taldeak. "Denon artean lortuko dugula dioen lema entzuten egon gara, baina ezin dugu ezkutatu 'denok' hitz horretan ez garela denak berdinak, eta, beraz, ez ditugula erantzukizun berdinak". Horren harira, krisiaren irtenbidea langileen lan indarra baliatuta "ordaindu" ezin dela aldarrikatu du taldeak. Koronabirusaren eraginez konfinatuta gauden honetan, gizartea "inoiz baino banatuago" dagoela deitoratu dute gazteek. Salatu dutenez, batzuk etxean konfinatuta dauden arren, beste asko lan egitera "behartuta" daude, "segurtasun neurri lotsagarriekin".
"Inoiz baino gehiago klase borroka mahai-gainean jartzea premiazkoa da"
Etxealdiaren aurretik garatutako egitasmoa
Covid-19aren larrialdi egoera hasi aurretik hasi zen Uribe Kostako hainbat gazte elkartzen, gazte langileen aurka ematen ari ziren esplotazio kasuak atzemateko, horiek salatzeko eta denen artean babesa emateko asmoz. Hala ere, konfinamendu egoerak aurreikusitako pausoak moldatzera behartu ditu; hala ere, argi dute "orain arrazoi gehiago" dituztela euren jardunari ekiteko: "Inoiz baino gehiago klase borroka mahai-gainean jartzea premiazkoa da".
COVID19aren egoera heldu aurretik prekarizazioari aurre egiteko elkartzen hasi ginen UKko hainbat gazte.
— UKan (@ukantolatu) May 3, 2020
Aunque la nueva situación nos lleva a modificar nuestros planes iniciales, ahora tenemos más razones para organizarnos.
Prekarizazioa #EzDaKasualitatea, kapitalismoa da. pic.twitter.com/BJK7Rkjdpk
Horretarako, elkar-zaintza, gazte langileen arteko saretzea eta laguntza sustatzea aldarrikatu dute, "klase batasuna berreskuratu, antolatu eta borroka" ahalbidetzeko.
"Covid-19a, kapitalismoaren laguna?"
UKan gazte talde antolatuak argi du Covid-19ak "eragin zuzena" edukitzen ari duela gazteen bizitzan. Hori dela eta, egoera hori zer-zelakoa den jakiteko azterketa bat jarri dute martxan: "Garrantzitsua deritzogu Covid-19aren egoerari erantzun bat ematen saiatzeari eta honen inguruko hausnarketa eta analisia plazaratzeari". Hori dela eta, galdetegi bat sortu dute gazteen iritzia zein den jakiteko; "horixe da talde moduan gure lehenengo dinamika aurrera eramateko urratsa".
Galdetegia pandemiaren ingurukoa den arren, taldeak azpimarratu du euren helburuak ez daudela horri lotuta erabat. "Ezohiko egoera bati erantzun bat emateko ekimena da". Hala, Covid-19ari lotuta ez duen egoeraren bat taldeari jakinarazi nahi izanez gero, edo informazioa jaso nahi izatekotan, ukantolatu@gmail.com emailaren bitartez harremanetan jar daitekeela jakinarazi dute.