Zenbat uribekostar egon ziren nazien kontzentrazio-esparruetan?

Unai Brea 2020ko mai. 4a, 22:20
CC BY SA-ALEMANIAKO ARTXIBATEGI FEDERALA

Maiatzaren 5ean 75 urte beteko dira Bigarren Mundu Gerraren irabazleak Mauthausen kontzentrazio-esparrura ailegatu zirela eta bertan preso zeudenak askatu zituztela. Eusko Jaurlaritzaren Gogora institutuak argitaratu berri duen ikerlan baten arabera, horietako batzuk, baita Alemaniako beste zenbait esparrutan egondako beste batzuk ere, Hego Euskal Herrikoak ziren. Denera 253 izan ziren, ikerketaren egileen esanetan, eta horietatik 113 esparruotan hil ziren. Haien izenak argitaratu dituzte, eta Uribe Kostako hainbat lagun daude zerrendan, baina ez da hain erraza kopurua zehaztea.

Txostena osatzeko ikerketa eta landa-lana Etxahun Galparsoro EHUko Historian lizentziatuak eta Josu Chueca EHUko Historia Garaikideko doktore eta Historia Garaikidearen Saileko irakasleak egin dute. Txostenean sartzen dira Gogorak azaldu duenez, "Euskadin jaio edo bizi ziren, edo erbestean Eusko Jaurlaritzaren babesa jaso zuten, eta Hirugarren Reich-ak okupatutako Europa osoko edozein kontzentrazio-esparrutara edo kartzelatara deportatu zituzten pertsona guztiak". Dokumentuak ondo azaltzen du zelan ailegatu ziren Hego Euskal herriko hainbeste herritar nazien esparruetara.

Oro har, 36ko Gerraren ondorioz Frantziako Estatura erbesteratutakoak ziren, Bigarren Mundu gerra hasitakoan frantziar armadan sartu zirenak, eta alemaniarrek atxilo egindakoak. Txostenak dioenez, euren egoera ez zen beste gatibu batzuenaren oso desberdina, baina 1940ko abuztutik aurrera nazionalitate espainiarreko errepublikanoek gerrako preso izaera galdu eta deportatu politikoak izatera pasatu ziren. Orduko espainiar gobernuak hasieratik izan zuen horren berri, eta  ez zuen ahalegin handirik egin gatibu haiek kalterik jasan ez zezaten.

Dozena erdi inguru "uribekostar"

Kontuak kontu, hainbat euskal herritar zegoen Mauthausenen 1945eko maiatzaren 5ean, indar aliatuak bertara sartu eta presoak askatu zituztenean, tartean Uribe Kostako baten bat. Dachauko esparruan ere egon ziren gure eskualdeko gizaseme batzuk. Bateko zein besteko, denak atera ziren bizirik. Hauek dira Gogoraren txostenean aipatutako izenak:

  • Fermín Arce Rioja, 1900ean Errioxako Cuzcurrita del Río Tirón herrian jaioa, eta Getxoko bizilaguna. 1940ko abuztuan deportatu zuten Mauthausenera, eta esparrua askatu zuten egunera arte egon zen bertan.
  • José Arce Fernández, Getxon jaioa 1923an, eta seguruenik aurrekoaren semea. Aitagaz batera ailegatu zen Mautausenera, baina txostenak dio 1944ko azarora arte bakarrik egon zela han. Arrazoia ez da argitzen.
  • Moisés Fernández Pascual, Leioan jaioa 1912an. 1940ko abendutik askapen-egunera arte egon zen Mauthausenen.
  • Juan Arregui Olano, Erandion jaioa 1905ean. 1942ko irailetik askapen-egunera arte egon zen Mauthausenen.
  • Fortunato Cantera Abascal, 1917an Getxon jaioa baina txostenaren arabera Donostiako biztanlea zena. Dachauko esparruan egon zen, 1944ko abuztutik 1945eko apirilaren 29ra arte (egun hartan sartu zen bertan garaileen armada).
  • Iñaki Saribiarte Elguezua, Donostian jaioa 1912an, baina txostenaren arabera Getxoko bizilaguna zena. Dachaun egon zen 1942ko ekainetik esparrua askatu zuten egunera arte.   
  • Ernesto Udave Moreno. Zalantza gehien sortzen duen kasua da. Gogoraren txostenaren arabera, Errioxako Alesanco herrian jaio zen, baina berak esaten zuen Andoainen jaiotakoa eta Erandioko bizilaguna zela. 1944an deportatu zuten Dachaura, Fortunato Canteraren egun berean; gero Mauthausenera eroan zuten, eta han egon zen esparrua askatu arte.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun