Aurreko astearekiko hobekuntza nabarmena izan arren (orduko hark zero, azken honek bat), ez da nahikoa izan HIRUKAren zinema-adituek esku artean zuten mus-partida emozionantea utzi eta lehiaketa luzatzera animatzeko. Nora zoaz? du izena azken zazpi egunetan jaso dugun lan bakarrak eta, lehiakiderik ezean, haren egileentzat izango dira sari denak (zeintzuk diren dakigunean, jakingo dute eurek ere), baina ez pentsa filmak maila emango ez lukeenik nazioarteko edozein jaialditan.
Lan bakarra, eta gaia ere bakardadea, edo hala uste dugu. Itsasontziz egindako bidaia bitxi eta intimoa erakusten digu Nora zoaz?-ek, eta... bueno, autore-zinema esaten zaion hori, hobe zuek ikustea, merezi du eta.
Egile edota ikusle modura parte hartu duzuen denei, eskerrik asko eta hurrengo harrikada bururatzen zaigun arte. Zuek, ez dakigu, baina guk izugarri gozatu dugu.