Koronabirusa Uribe Kostan

Hegoalde guztia 1. fasera igaroko da astelehenean

Ainhoa Larretxea Agirre · Edu Lartzanguren / Berria 2020ko mai. 8a, 20:58

CC BY SA-HIRUKA

Hegoalde guztia igaroko da astelehenean lehengo fasera. Erkidegoetako ordezkariekin mintzatu ondoren atera dira prentsa aitzinera Salvador Illa Espainiako Osasun Ministroa Fernando Simon Espainiako Osasun Larrialdien Koordinazio Zentroko zuzendariarekin batera. Ordurako Ser irrati kateak filtratua zuen Nafarroa hurrengo fasera igaroko dela. 

Illak herritarrei eskerrak emanez hasi du agerraldia, eta nabarmendu du herritarren jarrera onari esker lortu dela pandemiaren puntu gorena gainditzea. Hala, Illak nabarmendu du autonomia erkidegoek proposaturiko proposamenen %83 hartu dituztela kontuan fase berri hau garatzeko orduan eta erkidegoekin elkarlanean hartu direla fase berriko erabakiak. Fase berriak bi oinarri izango dituela nabarmendu du: erkidegoen eta Espainiako Gobernuaren arteko elkarlana erabakiak hartzerakoan eta zuhurtzia. Zuhurtzia inoiz baino garrantzitsuagoa dela azpimarratu du behin eta berriz Illak. Astelehenetik aitzinera, erkidegoek eskumena izango dute haurrak ateratzeko ordutegia egokitzeko beren egoera klimatologikoaren arabera. 

Goizean aurreratu du Simonek  konfinamendua arintzeko lehen fasean lehengo berak izango dira kalera ateratzeko ordutegiak. Halere, gaineratu du «aldaketa txiki batzuk» egongo direla, «talderik zaurgarrienak» babeste aldera. 

«Herritarrek ulertu behar dute pasatutakoak pasatu ondoren ezin dugula onartu bakan batzuek zapuztea», esan du Simonek. Ohartarazi duenez, neurriak arintzea erabakitzeko orduan osasun publikoaren irizpideek izango dute pisurik handiena. «Bateragarria da ateratzea eta bizi baldintzak hobetzea eta segurtasun neurriei eustea».

Izurriaren eboluzioa lurraldez lurralde ezberdina dela onartu du Simonek: «Bi autonomia erkidegok [Madrilek eta Kataluniak] dituzte kasu gehienak. Gainerakoetan %0,38 handitu da kutsatzea, hau da, %25 egin du behera».

Datuak ez dira onak izan, ordea. Madrilen, nabarmen egin du gora kutsatu kopuruak, atzo baino 300 gehiago, eta hark 0 fasean jarraituko duela iragarri du Espainiako Gobernuak. Eztabaida handia eragin du fasea pasatzeko aukerak Madrilgo erkidegoan. PPren eskuetan dago Madril, eta hango agintariek presio handia egin dute lehen fasera igarotzeko zerrendan egoteko, nahiz eta izurriaren zenbakiak oraindik ere txarrak diren han. Erkidegoko Osasun Publikoaren zuzendariak ez du sinatu nahi izan hurengo fasera aldatzeko eskatzeko agiria, eta dimisioa eman du. Salatu du eskaera ez dela egin osasun irizpideen arabera.

Berria-tik hartu dugu artikulu hau, Creative Commons-en CC BY SA lizentzia baliatuta. Ikusi hemen jatorrizko artikulua.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun