Koronabirusa Uribe Kostan

Nora doa gure ekonomia?

Endika Alabort Amundarain 2020ko mai. 9a, 08:24

Argazkia: HODEI TORRES

Azken hamarkadetan, agerikoa da Uribe Kostak Bizkaiko ekonomian jokatzen duen papera: aski da Lurralde Antolamenduaren Gidalerroek esaten dutena birpasatzea. Zerbitzu sektorea, ostalaritza eta merkataritza txikia bultzatu dira; balio erantsi handiko zerbitzuak ez dira ohikoak, industriak gero eta pisu murritzagoa du, eta nekazaritza folklorikoa da. Orain, sustatutako sektorea da krisiaren kolpea jasango duena. Ezartzen ari diren erregulazioak oraindik ez dira argiak, eta administrazioek ziurtatutako dirulaguntzek ez dute negozio hauen epe ertaineko egoera asko aldatuko. Ikusteke dago eskualdearen ehun ekonomikoa erresilientea den.

Plentzia-Mungian, langileen %78k zerbitzu sektorean lan egiten dute eta enpresen tamaina, orokorrean, txikia da, 1-10 langilekoa. Egoera berri honi zein baldintzatan egingo diote aurre?

Ziurrenik, enpresen arteko berregituraketa etorriko da, hornikuntza-kate globaletan hobeto txertatutakoen alde, eta eskala-abantailak, kostu txikiagoak eta lan-indarraren esplotazio erlatibo handiagoa dituztenen alde. Plentzia-Mungian, langileen %78k zerbitzu sektorean lan egiten dute eta enpresen tamaina, orokorrean, txikia da, 1-10 langilekoa. Egoera berri honi zein baldintzatan egingo diote aurre? CEPREDEk (Aurreikuspen Ekonomikoko Zentroa) esan du enplegu-galera gehien pairatuko duten sektore nagusiak merkataritza, bestelako zerbitzuak eta ostalaritza izango direla, eskualdearen oinarri ekonomikoa, alegia. Enpresa handiek talka honen irabazleak izateko txartel guztiak dituzte: saltoki handiak, frankiziak eta enpresa taldeak osatutako ostalaritza kateak, besteak beste.

Berri guztiak ez dira txarrak izango; 2008an esan ohi zen bezala, krisia aukera bat izan daiteke. Subiranotasun ekonomikoa berreskuratzeko, adibidez; baita eskualdeko pertsonen beharrizanak asetzera bideratutako ehun ekonomiko bat bultzatzeko ere: elkarri laguntzeko sareek posible dela erakutsi dute. Utz diezaiogun irudimenari hegan egiten, ekonomia gizakiak eraikitako zeozer baita, ez esku ikusezin ahalguztidun batek zehazten duena.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun