Koronabirusa Uribe Kostan

Bizkaibusek zerbitzuen % 100 berreskuratuko du progresiboki

Erredakzioa 2020ko mai. 11a, 09:00

Konfinamendua arintzeko 1. fasera igaro garenez gero,  gaurtik aurrera Bizkaibusek progresiboki berreskuratuko ditu alarma-egoera deklaratu aurretik zeuden ordutegi eta maiztasunak. Datak dagokionean iragarriko dituzte. Era berean, autobusen gehieneko edukiera % 30etik % 50era igoko da.

Arduradunek azaldu dutenez, pertsonen artean ahalik eta distantziarik handiena uzteko ahalegina egingo da. Erreferentzia hau izango da: eserita joateko erabilgarri dauden plazen erdiak beteko dira, eta, zutik joateko aldean, bidaiari bi joan beharko dira metro karratu bakoitzean. 18 metroko autobusek 46 pertsona eraman ahal izango dituzte, gehienez; 15 metrokoek, 38 pertsona; eta 12 metrokoek, 27. Zerbitzua indartzeko 15 eta 18 metroko autobusak daude, segurtasun-distantziak bermatzeko beharrezkoak badira.

Bizkaibusek segurtasun-neurririk handienak hartu ditu, eta, hori dela eta, gidariaren lekuaren eta gainerako bidaiarien arteko distantzia fisikoa mantenduko da. Aurreko lehenengo eserleku biak hutsik utzi beharko dituzte beti bidaiariek.

Aurreko atea itxita egongo da, eta, beraz, atzeko atea erabili beharko da sartu eta irteteko. Autobusen garbiketa- eta desinfekzio-lanak bidaldien artean ere egingo dira, eta ezin izango da eskudirutan ordaindu.

 

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun