Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Aurkako Mugimenduak (AAEAM) jakinarazi duenez, Patxi Ruiz euskal presoak gose eta egarri greba hasi du Murtziako espetxean, egunotan bizi izan dituen egoera eta mehatxuengatik protesta egiteko.
COVID-19aren krisia argudiatuta presondegian egin diren eskubide murrizketak salatzeko elkarretaratzeak egin dituzte presoek; maiatzaren 9an horietako batean parte hartu ondoren, funtzionarioek eta espetxeko zuzendari eta segurtasun arduradunek mehatxatu egin zuten, honen esanetan. Mobilizazioen "burua" izatea egozten zioten Txantreako presoari eta "ondorioak sufrituko zituela".
"Mehatxu horien aurrean defendatzeko Patxik zauriak egin zituen besoan", dio AAEAMek, eta erizaindegian medikuak lasaigarriak ukatu eta emandako tratu eskasaren ondoren, gose eta egarri grebari ekin zion astelehenean. "Egoera oso larria da, gose eta greba baten aurrean gorputzeko organoek laugarren edo bosgarren egunetik aurrera huts egiten hasten baitira. Exijitzen dugu Patxiren kontrako erasoak amaitu eta Murtziako espetxeko 8. moduluko presoen eskaerei jaramon egin diezaietela", azaldu du mugimenduak.