HIRUKA Eusko Jaurlaritzako prentsa zerbitzuagaz harremanetan jartzen saiatu da, baina ez du inolako erantzunik jaso. Aiaraldea hedabideak, baina, erakundearen azalpenak jaso ditu eta adierazi diote positiboen kopurua "jaitsi dela eta, ondorioz, ikertzen ari direla nola landuko duten daukaten informazioa". Momentuz, baina, ez dirudi jakinaraziko duenik zein izaten ari den pandemiaren bilakaera herriz herri. Gogoratu behar da azken egunetako normalizazio positiboaren ondoren, gorakada nabarmena izan duela kutsatuen kopuruak Uribe Kostan aste honetan.
Alarma egoera hasi eta segituan hasi zen HIRUKA Uribe Kostako bilakaeraren jarraipena egiten egunero, Osakidetzak sareratzen zuen txostena eta Eusko Jaurlaritzaren Open Datako datuak erabilita. Atzo, ordea, ez zuten orain arteko datuen berri eman eta baliteke horrela segitzea hemendik aurrera ere. Gaur azalduko du Eusko Jaurlaritzak zein izango den informazioa emateko modu berria.
Eusko Jaurlaritzako prentsa zerbitzuak Aiaraldea hedabideari argitu dionez, datu horiek eskuratzeko modu bakarra txostena da eta, momentuz, ez dute horren berri emango Jaurlaritzak ez badu gaur, barikuan, kontrakoa erabakitzen.
Osakidetzak COVID-19aren inguruko txostena sareratzen jarraitzen du, baina datu orokorrakaz bakarrik. Berbarako, atzo PCR eta test azkarrak erabilita atzemandako 157 positibo gehiagoren berri eman zuten (18.316 denera) eta 12 pertsona gehiago zendu zen (1.454 denera). Oinarrizko birsorkuntza tasa EAEn, aldiz, 0.85koa dela argitu zuten; azken horren harira, herrialdez herrialdeko datuak emateari utzi zioten baita ere.
Maiatzaren 12ra arteko bilakaeraren infografia (maiatzaren 13ko datuak ez dituzte sareratu):