Unai Rementeria Bizkaiko diputatu nagusiak adierazi du "ekainaren 15aren eta uztailaren 1aren artean" ireki nahi dituztela Bizkaiko hondartzak herritarrentzat. Horretarako, osasun eta segurtasun neurriak hartuko dituzte, eta protokolo bat ezarriko dute hondartza bakoitzerako: "Eremu kontrolatu bat izango dira", esan du Euskadi Irratiko Faktoria saioan egin dioten elkarrizketan. "Ezin dira kontrola ezin daitezkeen neurriak ezarri, ordea; herritarrei bizitza erraztu behar diegu".
Rementeriak azaldu du oraindik ez dutela erabaki zehatzik hartu irekieraren inguruan, baina, haren ustean, ezinbestekoa izango dela garbitasunerako zenbait neurri ezartzea eta seinaleak jartzea, besteak beste. "Oinarrizko arau batzuk" beharko dira. Iruditzen zaio, esaterako, ezingo dela kirolik egin hondarretan.
Nabarmendu du herritarrei informazio egokia eman beharko dietela hondartzetara joan aurretik, eta garaiz. Ez du irudikatzen jendea zain egon litekeenik hondartza kanpoan, lekuren bat libre noiz geratuko zain. Hipotesi bat: "Nik buruan daukat aurretik esatea hori. Demagun marea igotzen denean hondartza bat oso txikia dela. Orduan, jendeari esan beharko diogu hondartza hori itxi egin behar dela, baina hori aurretik jakin behar lukete, ez unean bertan".
Berria-tik hartu dugu artikulu hau, Creative Commons-en CC BY SA lizentzia baliatuta. Ikusi hemen jatorrizko artikulua.