#NikEtxeanEsperimentuak

Nire DNA

DNA izaki bizidunen zelulen nukleoan dago eta zelularen informazio genetiko guztia dauka. Geneak, gurasoengandik seme-alabengana herentzia biologikoaren ezaugarriak transmititzen dituzten molekulak dira; gorputzaren forma, begien eta ilearen kolorea, eta abar kodetzen dituzten molekulak dira. Zure DNA erauzi nahi al duzu? Azalpen-bideoa ikusi eta urratsak jarraituz erauzi zure DNA. Has gaitezen, ba!

DNA sigla azido desoxirribonukleikoaren laburdura da; organismo bizi guztien funtzionamenduaren eta garapenaren informazio genetikoa du eta bere transmisioaren erantzulea da. DNA izaki bizidunetan baino ez dagoen molekula da, horregatik, biziaren molekula dela esaten da. Materia ez-bizidunetan ez dago DNArik, adibidez harri batek ez du molekula hori.

DNA izaki bizidunen zelulen nukleoan dago eta zelularen informazio genetiko guztia dauka. Geneak, gurasoengandik seme-alabengana herentzia biologikoaren ezaugarriak transmititzen dituzten molekulak, kromosometan banatuta dauden DNAren zatiak dira; gorputzaren forma, begien eta ilearen kolorea, eta abar kodetzen dituzten molekulak dira. 

Azterketa genetikoetan, auzitegiko medikuen azterketetan eta biologia molekularreko esperimentuetan oso normala da DNAren erauzketa egitea. Azterketa genetiko profesional horietarako, protokolo bereziak behar dira, baina, etxean ditugun produktuekin DNA erraz erauzi dezakegu. Animatzen zara zure DNA zure listutik erauztea? 

Zer behar dugu?

Gezurra badirudi ere, DNAren erauzketa erraz egin daiteke etxean ditugun gauzekin:

  • Gatza
  • Ontziak garbitzeko xaboi likidoa
  • 96ºko alkohol hotza ( izozkailuan sartu DNAren erauzketa egin aurretik )
  • Ur minerala
  • Edalontzi gardenak
  • Koilara bat
  • Zotzak

Urratsez urrats

1- DNAren erauzketa egiteko behar dituzun disoluzioak prestatu. Egin behar duzun lehenengo gauza hurrengo lerroetan azaltzen diren bi disoluzioak prestatzea da:

  • Gatzadun ura. Ontzi batean nahastu 10 koilarakada ur-mineral (200-250 ml gutxi gorabehera) eta koilarakada bat gatz arrunt, eta eragin disolbatu arte.
  • Xaboidun ura. Beste ontzi batean nahastu 3 koilarakada ur-mineral eta koilarakada bat  ontziak garbitzeko xaboi likidoa; poliki poliki nahastu, aparra atera gabe.

2- DNA erauzteko behar dugun lagin biologikoa. Zure DNA erauzteko listua erabiliko duzu. Ur mineral pixka batekin (koilarakada pare bat), ahoa 45-60 segunduz garbituko duzu, hortzak garbitzen dituzunean egiten dituzun irauzketetan bezala. Denbora hori igaro ondoren, ahoko ura + listua DNAren erauzketa egiteko erabiliko duzun ontzira bota.

3- DNA erauzteko lagina prestatu dugun disoluzioekin nahastu. Ura + listua jarri duzun ontzian prestatu dituzun disoluzioen koilarakada bana gehitu. Hau da, DNA erauzteko erabiliko duzun lagina dagoen ontzian ur gatzadunaren koilarakada bat eta xaboidun uraren beste koilarakada bat erantsi. Ontzian dagoen edukia ondo baina poliki-poliki nahastu (aparra ez ateratzeko).

4- DNA erauzteko lagina dagoen ontzian alkohola erantsi. Hurrengo urratsa izozkailuan hozten utzi duzun alkohola botatzea da (ontzian dosatu duzun  edukiaren bolumenaren bikoitza gutxi gorabehera). Oso garrantzitsua da alkohol hori edalontziaren paretetatik poliki-poliki isurtzea, ontzian zegoen edukiarekin nahas ez dadin. Horrela, ontzian dagoen edukia bi geruzatan banatuko da eta nahasketa-geruzaren eta alkohol-geruzaren arteko bereizketa horretan, DNA prezipitatuko da. 

5- DNAren prezipitazioa. Ontziko edukia minutu batzuetan pausatzen utzi ondoren, fasearte horretan hari txikiak edo zuntz zurixkak nola agertzen diren ikusiko duzu, zure DNA da hori. Denbora gehiago pausatzen uzten baduzu, zure DNA gainazalera igotzen joango da (ez da beti gertatzen). Zotz bat erabiliz zure DNA likidotik erraz aterako duzu.

  

Zer gertatu da? 

Lagina xaboidun urarekin nahastean, listuan dauden zelulen mintzak apurtu egiten dira, xaboiak  koipeak edo lipidoak disolbatzen dituelako (xaboiak gure azalaren koipea garbitzeko erabiltzen duen printzipio bera da). Koipea zelulen mintz plasmatiko eta nuklearraren osagai nagusia da; beraz, mintzak haustean, DNA kanpora irteten da. Gatzadun ura eranstean proteinen disolbagarritasuna murriztu egiten da, eta, ondorioz, DNAtik errazago bereizten dira. Modu honetan, zure DNA “garbiago” prezipitatuko da. 

DNA taldekatzeko joera duen molekula oso luzea da; horregatik da hain erraza zelulen DNAren pilaketa begibistaz ikustea. DNAren molekula uretan disolbatzen da eta isolatzeko, alkoholean prezipitatu behar da. Horregatik, nahastearen eta alkoholaren arteko faseartean ikusten hasten dira zure DNAz osatutako harilak. Alkoholak DNA beste zelula-osagai batzuetatik bereizten du, eta osagai horiek ur-disoluzioan geratzen dira.

Erlazionatuak

Itziar Garate López astrofisikariari elkarrizketa

Uribe Kosta

Euskal Herriko Unibertsitatean ikasketak egin dituen astrofisikaria. Holandan, Parisen eta munduko beste zenbait lekutan ikerketak egin dituen, eta...

Garai latzak dira. Ia egun batetik bestera gure bizimoduak hankaz gora jarri ditu birus batek, eta kolokan daude gauza asko. Hedabideontzat ere ez dira garai gozoak, noiz eta gure lanaren beharra inoiz baino agerikoagoa denean. Horregatik, zure laguntza materiala ere behar dugu aurrera jarraitzeko.

Honenbestez, HIRUKAlagun egitera animatzen zaitugu, urtean 35 euroko ekarpena eginda, edo gure 5. urteurrena dela eta martxan ipini dugun Eman Bostekoa HIRUKAri kanpainan parte hartzera (bost euroko ekarpena eskatuko dizugu). Horretarako, jarri gugaz harremanetan administrazioa@hiruka.eus helbidera mezu bat idatziz.


Izan zaitez HIRUKAlagun