Kalean egoteko ordu mugarik ez dute izango 70 urtez beherako biztanleek. Aldiz, hortik gorakoek 10:00-12:00etara eta 19:00-20:00etara irten ahalko dute etxetik. Gehienez ere 15 laguneko taldeak elkartu ahalko dira bai etxebizitzetan eta baita "lokal pribatuetan edo jendearentzat irekita dauden guneetan", babeserako distantziak errespetatuz betiere.
EAEn hogei lagun arteko taldeek mendi ibilaldiak egin ahalko dituzte eta "turismo aktiboko eta naturako jarduerak" berriz martxan jarriko dira.
Bisitak baimenduta daude adinekoen egoitzetan, baina...
Espainiako Gobernuak zehaztu du COVID-19 kasuak dauden edo egoiliarrak berrogeialdian dauden zahar etxeetara ezingo dela bisitarik egin. Eusko Jaurlaritzaren maiatzaren 24ko dekretuak dio: "Berriro bisita egin ahal izango zaie tutoretzapeko etxebizitzetan, desgaitasuna duten pertsonentzako egoitza-zentroetan eta adinekoentzako egoitza-zentroetan bizi diren pertsonei, eta egoiliarrek ibilaldiak egin ahal izango dituzte".
Kultur aretoak
Zinema, antzoki eta antzeko kultur aretoak zabaldu ahal izango dira, baldintzekin: eserlekuak aurrez erreserbatu beharko dira eta gehienez aforoaren herena erabili ahal izango da. Areto itxietako emanaldietan gehienez 50 pertsonako publikoa onartuko da, beti ere aforoaren herenak baimentzen badu. Aire librean eginikoetan 400 pertsona arteko publikoa onartuko da, segurtasun distantziak zainduz.
Liburutegiek ateak zabaldu ahal izango dituzte, aforoaren herena erabiliz. Baita museoek ere.
Ostalaritza eta elkarte gastronomikoak
Ostalaritzako establezimenduak eta zerbitzuak, jatetxeak, txokoak eta lokalean kontsumitzeko elkarteak jendearentzat ireki ahal izango dira, eta Jaurlaritzak zehaztu du aforoaren %50 erabili ahal izango dela. Espainiako Gobernuaren arauaren arabera, beti eserita kontsumitu beharko da, jendeak ezingo du zutik elkarrekin egon. Diskotekak eta gaueko aisialdiko tabernak ezingo dira jendearentzat ireki.
Igerilekuak eta hondartzak zabalik
Bai igerileku itxiek zein irekiek ateak zabaldu ahal izango dituzte, erabiltzaileen artean 2 metroko distantzia zaintzeko moduko aforoak ezarriz, gehienez ere %30ekoa. Igerilekua erabiltzeko herritarrek aurrez hartu beharko dute hitzordua.
Saltoki handien eta merkealdien itzulera
Espainiako Gobernuak neurri guztietako saltokiak berriz zabaltzeko baimena eman du (orain arte 400 metro koadrotik beherakoek zuten aukera). Saltokien aforoaren %40 erabili ahal izango da. Merkatal zentroetan, jendeak ezingo da geldirik egon denda atarietako guneetan.
Hil osteko agurrak 25 pertsonara mugatuta
Beilategietan gehienez 25 pertsona elkartu ahalko dira aire librekoa bada, eta 15 espazio itxia bada. Enterratzeko unean eta aurreko agurrean 25 pertsona elkartu ahalko dira. Elizek aforoaren %50 erabili ahalko dute.
Argia-tik hartu dugu artikulu hau, Creative Commons-en CC BY SA lizentzia baliatuta. Ikusi hemen jatorrizko artikulua.