Fase berrian hainbat gomendio zabaldu ditu Mankomunitateak, Ukanauto erabiltzeko asmoa dutenentzat. Erreserbak telefonoz egin beharko direla adierazi dute, eta osasuna babesteko hainbat neurri bete.
Besteak beste, ukipen-gainazalak desinfektatzeko eta autoak erabiltzen diren denbora guztian botatzeko moduko eskularruak janzteko eskatu dute. Ibilgailuetan halakoak egongo dira, baita gel hidroalkoholikoa ere. Bidaia hasi aurretik eta ondoren behar bezalako garbiketa egin beharra dago, horiek erabilita.
Gainera, maskara derrigorrez ipini beharra dago, azken aginduei jarraituz, eta ibilgailura sartzerakoan barruan dagoen airea ateratzeko leiho bat osorik zabaldu eta beste aldeko atea hainbat aldiz ireki eta ixteko gomendatzen dute. Ondoren hartu beharko dira eskularruak autoaren gordetegian, eta eskuak gelez garbitu ostean jantzi.
Gidatzen hasi baino lehen, gehien ukitzen diren aldeak garbitu beharko dira: bolantea, aginte-koadroa, aurreko panela eta martxa-palankaren heldulekua. Gidatzean, lantzean behin leihoa zabaltzeko ere gomendatzen da.