Koronabirusa Uribe Kostan

Zer baimenduko du hirugarren faseak?

Argia 2020ko mai. 31a, 21:48

CC BY SA-DANI BLANCO / ARGIA

Ez da ordutegirik izango, ezta 70 urtetik gorakoentzat ere. Eguneko udalekuak egin ahal izango dira. Bildu daitekeen jende kopuruak gora egingo du oro har.

Ekainaren 8an aurreikusten da sartuko dela Hego Euskal Herria hirugarren fasean. Larunbatean Estatuko Aldizkari Ofizialak fase horren ezaugarriak argitaratu ditu. Dena dela, erkidegoen esku egongo da ezaugarri horien zehaztapena.

Zaharrak eta gazteak

Ordutegi guztiak desagertuko dira hurrengo fasean, beraz 70 urtetik gorako pertsonek ez dute izango kaleratzeko ordu mugarik. Edonola dela, dekretuak eskatzen du talde zaurgarriekin segurtasun neurriak estu jarraitzea. Haur eta gazteei dagokienez, egun berean hasi eta bukatzen diren jarduerak baimenduko dira espazio itxi zein irekietan. Eguneko udalekuak egin ahal izango dira. Espazio irekiek ohiko edukieraren erdia eta 200 pertsona izango dituzte muga; espazio itxiek edukieraren herena, eta 80 pertsona. Hamarreko taldeak osatu beharko dituzte haurrek, jardueretan horiek mantentzea gomendatuz.

Kaleak eta lokalak

Etxeetan zein kalean elkartu daitekeen jende kopurua hamabostetik hogeira igoko da. Taberna eta jatetxeak edukieraren erdiraino bete ahal izango dira, eta terrazak %75eraino. Tabernetako barrak erabili ahal izango dira bi metroko segurtasun distantzia bermatuta, baina gaueko tabernek eta diskotekek itxita jarraituko dute. Aire zabalean egiten diren jarduera kulturaletarako, musika kontzertuak barne, 800 pertsona izango da muga, edo edukieraren erdia. Museoek, zinemek edo antzokiek edukieraren erdia erabili ahal izango dute.

Hiletak

Espazio itxietan egiten diren hiletetan gehienez ere 25 pertsona batu ahal izango dira, eta 50 espazio irekian egiten badira. Probintzia batetik bestera mugitzeko debekua mantendu egingo da oro har, baina EAEren kasuan unitatea erkidegoa izango da.

Argia-tik hartu dugu artikulu hau, Creative Commons-en CC BY SA lizentzia baliatuta. Ikusi hemen jatorrizko artikulua.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun