Orain dela egun batzuk Barrikara joan nintzen. Egun eguzkitsua zen, haize atsegina zegoen eta harkaitzetatik ibiltzea erabaki genuen. Zoritxarrez, buruan nuen irudiak errealitatearekin ez zuen bat egin. Golfo Norteko parkinga kotxez beteta zegoen. Jendea edonon. Amorrua eman zidan. Baina eguraldia eta paisaia ikusita, normala iruditu zitzaidan. Horrenbeste denbora etxean egon ondoren, denok merezi dugu disfrutatzea, ezta? Bi ordu inguruko buelta bat eman ondoren, parkingera bueltatu ginen. Eta harrituta gelditu nintzen. Taberna batean ilara luze bat zegoen. Hogeita piku pertsona. Denak dotore-dotore. Denak «kopa» bat hartzeko zain. Edo "postureo argazkia" ateratzeko zain, gero sare sozialetan partekatzeko, noski.
Ondoren Plentziara joan ginen. Egoera berdintsua sumatu genuen: terraza guztiak jendez gainezka. Polita da giro hori ikustea, denok etxean isolatuta egon ostean. Baina, zer gertatzen zaigu herrialde honetan tabernekin? Ez gaude pixka bat obsesionatuta kañekin, pintxoekin eta terrazekin? Konfinamenduaren arintze fase honetatik aurrera, dagoeneko, zenbait museo eta zinema irekita daude. Oso berri ona da kultura eta artea maite ditugunontzat. Ez naiz pilaketen zalea, baina onartu beharra daukat asko gustatuko litzaidakeela kultur eta arte-guneetan ere ilarak ikustea. Ez beti, baina noizean behin…
Maiz, jendearekin hitz egiten dudanean, askok esaten didate zinemara joatea oso garestia dela. Artearen eta kulturaren inguruko ekitaldiak doan eskaintzea ez dago batere gaizki. Halako proposamenen aldekoa naiz. Ezin dugu orokortu, ordea. Sektore honetan lanean gaudenok baditugu trabak eta gure egunerokotasunean, amor al arte praktikan jartzen dugu maiz. Tabernari bati ez diogu eskatzen kañaren prezioa jaistea. Egin dezagun gauza bera, beraz, kultur edo arte-langileekin. Nik beti galdera berbera egingo dut: zuk zer nahiago duzu, gin-tonic bat edo zinema-sarrera bat?
HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.