AurreTIK aplikazioak igerilekuen edukiera automatikoki kontrolatzeko aukera emango du, kameren bidez ikuspen artifizialeko teknologian oinarrituta pertsonak zenbatzeko sistema berritzaile bat erabiliz. Era berean, okupazio-maila ezagutzeko aukera emango du, zenbait igerilekutan dauden sarrerako eta irteerako tornuekin lotura bat eginez. Behin zerbitzua instalatuta, BiscayTIKek udako denboraldian sistemaren funtzionamendua bermatzeko beharrezko euskarri teknikoa eskainiko du.
Orozko izango da irtenbide hori pilotatuko duen lehen udalerria datorren ekainaren 22tik aurrera. Hurrengoak Ugao, Gordexola, Abanto-Zierbena eta Otxandio izango dira udal igerilekuen denboraldia zabaltzen dutenean. Aplikazioa udal guztietara zabalduko da, hala eskatzen badute.
Interesa duten erabiltzaileek, bestalde, online eskuratu ahal izango dute udako udal-igerilekura joateko edo ez joateko behar duten informazioa, Udala Zabaltzen app-ean eta/edo dagokion udalaren webgunean.