Koronabirusa Uribe Kostan

"Kapitalaren gainetik, bizitzak! Krisi hau kapitalak ordain dezala!"

© ERNAI

Gaur egungo krisi ekonomikoa koronabirusak soilik eragin ez duela salatu zuen atzo Ernai gazte antolakundeak Negurin: "Kapitalismoa bera da birusa; koronabirusak krisi hori azkartu eta areagotu baino ez du egin". Horren aurrean, Neguriko aberatsei mezu argia bidali gura izan zieten atzo: "krisia aberatsek ordain dezatela!".

COVID-19aren pandemiak eragindako osasun krisiak bestelako hainbat krisi azaleratu dituela eta, 2008ko krisi ekonomikoan gertatu zen legez, agintari politiko eta elite ekonomikoek ondorio eta arazo horien pisua gazte, emakume, langile eta etorkinen bizkarren gainean jarri gura dutela deitoratu du Ernaik. "Langileriak eta sektore herritar zaurgarrienek ordaindu genituen 2008ko krisiaren kostuak, eta aplikatu zituzten errezetak aski ezagunak zaizkigu gazteoi: lan erreformak, bizi eta lan baldintzen prekarizazioa eta etxebizitzaren gaineko espekulazioaren gorakada berria". Orain, krisi ekonomiko berri baten aurrean gaudela, hori koronabirusak soilik eragin ez duela azpimarratu dute gazteek: "Krisia bazetorren sistema bera da krisian dagoena; kapitalismoa bera da birusa". Hala, COVID-19ak krisi hori "azkartu eta areagotu" besterik ez duela egin adierazi dute.

Krisi ekonomiko berri horren kostuak ordaintzeko aukera bi mahai-gaineratu ditu Ernaik. "Batetik, betikoek, gizartearen gehiengoak, behekoek, langileok berriz ere krisiaren ondorioak asumitzea. Hori gustatuko litzaieke patronalari eta Urkulluri, argi eta garbi esan dute azken asteetan. Bestetik, goikoek, aberatsek, gehien dutenek, enpresa eta fortuna handiek ordaintzea". Aukera bi horien artean, bigarrena defendatu dute gazteek, "oraingoan, haien bizkarrean utziko dugu haien sistemak sortutako krisi ekonomikoa".

Era berean, gazteak mobilizatzeko eta kalean jarraitzeko asmoa dutela iragarri dute: "Kapitalaren gainetik, bizitzak! Krisi hau kapitalak ordain dezala!".

Garai latzak dira. Ia egun batetik bestera gure bizimoduak hankaz gora jarri ditu birus batek, eta kolokan daude gauza asko. Hedabideontzat ere ez dira garai gozoak, noiz eta gure lanaren beharra inoiz baino agerikoagoa denean. Horregatik, zure laguntza materiala ere behar dugu aurrera jarraitzeko.

Honenbestez, HIRUKAlagun egitera animatzen zaitugu, urtean 35 euroko ekarpena eginda, edo gure 5. urteurrena dela eta martxan ipini dugun Eman Bostekoa HIRUKAri kanpainan parte hartzera (bost euroko ekarpena eskatuko dizugu). Horretarako, jarri gugaz harremanetan administrazioa@hiruka.eus helbidera mezu bat idatziz.


Izan zaitez HIRUKAlagun