Ekialdera begira

Joxe Belmonte Fdz. de Larrinoa 2020ko uzt. 3a, 01:31

Zaila da gaur egun idazteko asmoz pantaila zuriaren aurrean jartzea COVID-19 delako horrekin topaketa izan barik. Saihesten saiatu arren, egoitzetako nagusi abandonatu eta hilak datozkizu gogora; Hezkuntzako agintariek, hangoek eta hemengoek, hartu beharko lituzketen erabakiak, gerora hartu ez dituztenak; edota datorren ikasturtea zenbat aldiz diseinatu duten, ratioak, asistentzia txandakatua, otorduak… Gerora babes maskara baino ez geratzeko.

Urrun geratzen zaigu paper higienikoarekiko obsesioa, eta maskararen mespretxua Bai, pandemia honen ostean ere izango da maskara gure artean. Barregarri iruditzen zitzaigun lehen Asia aldean pertsona gaixotuengan ikusten genuenean. Bada, ez egin barre, komunitate kontzientzia deitzen zaio horri. Mundu guztiarengandik ikas daiteke. 

Are gehiago, lastima ekialdetik gehiago ikasi ez izana. Beste kuku batek joko zigukeen, eta topatzen garenean ez ginatekeen irrigarri geratuko. Ez naiz ari ospitaleak modu meteorikoan eraikitzeaz, edota jagoletza teknologiko harrigarri bezain beldurgarriaz, edota gure artean ezinezko izango liratekeen bestelako segurtasun neurriak ipintzeaz. Ez dut ezinezkoez hitz egiten.

Eta okerrena: ez genukeen ekialdera begira denbora gehiegi eman beharko, ohitura hori gure artean aspaldi dago eta. Guztiok ezagutzen ditugu kirola bihurtu diren judoa, karatea edo taekwondoa bezalako borrokak, baita praktikatu barik ere. Baina inori ez zaio bururatu kultura horietan errespetua eta adiskidetzea adierazteko modua inportatzea: aurrez aurre jarri, begietara beha eta burua pittin bat makurtu. Guk, mendebaldekoak garenez gero, irribarretxo bat gehi genezakeen, eta agur txit polita izango genukeen, ukitu eta hurbildu beharrik gabe ere. Nork demontre asmatu du, ordea, ukondoen arteko agur ziztrin hori, hezurren arteko ukitu hotz hori? Ergelagorik?

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun