Zelako eragina izan du konfinamenduak naturan?

Xabier Buenetxea 2020ko uzt. 3a, 09:00

CC BY SA-TREBOL-A

Konfinamenduak Amalurran eta faunan eragin positiboak izan ditzakeela pentsa dezakegu askok, gizakiaren aktibitatea modu bortitzean eten eta lasaitasunean egon delako natura. Izan ere, denok ikusi ditugu ahateak errepideak gurutzatzen dituzten bideoak, edo orkatzak kaleak zeharkatzen. 

Askotariko artikulu eta argitalpenetan ikusi ahal izan dugu nola gutxitu den hiri handietako kutsadura atmosferikoa, nola hobetu diren ibaien eta kostaldeko uren kalitatea, baita hondakinik gabeko parkeak ere; horietako testigantza asko argazkietan atzeman ditugu, modu oso bisual batean. Gertuagora joanda, ibaien eta hondartzen ur garden-gardenez gozatzeko aukera izan dugu, baita Algorta erditik zihoazen hainbat animalia ikusi ere. Astrabuduan ahate eme bat topatu dugu, bere kumeen aurretik, eta Berango, Sopela eta Gorlizko lorategietan basurde-taldeak ibili dira. Bestelako "basapiztia" askok Uribe Kostako gainontzeko gune berdeak, eta ez hain berdeak, bisitatu dituzte hilabeteotan. 

Zortekoa izan naiz ni, beharragatik landa-eremuetara joateko aukera izan dudalako faunaren ikerketak eta jarraipenak egitera. Horregatik, ez dira gutxi hau galdetu didatenak: "Aldaketa izugarriak nabaritu dituzu faunaren aldetik, ezta?". Horri erantzunez, nire ikuspegia da naturari dagokionez aldaketa handia egon dela; faunari dagokionez, ordea, oso gutxi! 

Analisi honetarako, ornodunen eta ornogabeen artean ezberdindu beharko genituzke animaliak. Izan ere, begetazioaren aldaketek eragina izan dute ornogabeen mikrokosmosean, baita ornodun txikienetan ere, hala nola sugandila eta satitsuetan, euren bizilekua baso belarkaretan zein lorategi edo belardietan dutelako. Animalion bizi-zikloa txikia da eta oso bizia lehenengo hiruzpalau hilabeteetan; horiek oso garrantzitsuak dira, batez ere ebakitze-garaia denean eta biozidak eta ongarriak erabiltzen direnean, animalion arerio nagusiak baitira. Horren ondorioz, nabaritu ahal izan dugu zelan areagotu den animalion zenbatekoa, baita horien barietatea eta dentsitatea ere; gure lorategietan batez ere.

Naturan aldaketak atzeman ditudala diodanean, konfinamenduaren garaian lan egiten nuen bitartean hainbat paraje zeharkatzeko aukera izan dudalako da. Inbidia osasungarria eman nezakeen garaiotan, normalean jendez gainezka egoten diren lekuetan bakar-bakarrik egoteko aukera izan dudalako. Une horietan inguruotako edertasun basatiaren osotasunaz eta bere indar puruaz gozatzeko aukera izan dut. 

Baina tira, ikuspegi pertsonal horiez ez dugu eztabaidatuko. Uribe Kostako ornodun handiek, hegaztiak eta ugaztunak, pertsonoi beldurra izateari utzi dioten eta hiriguneetan lasaitasun osoz barneratzeko ohiturak aldatu dituzten edo ez erantzuteko dira lerrook. Nire erantzuna EZ gordina da. 

"Egia da testigantza asko jaso ditugula horren harira, herriguneetan animalia basatiak topatu direnak. Baina nik uste dut horren erantzuna dela pertsona gehiago egon dela horri begira, leihoetatik so, edozein ordutan, baita gauean ere"

Egia da testigantza asko jaso ditugula horren harira, herriguneetan animalia basatiak topatu direnak. Baina nik uste dut horren erantzuna dela pertsona gehiago egon dela horri begira, leihoetatik so, edozein ordutan, baita gauean ere; normaltasunean, halako orduetan beste gauza batzuk egiten ibiliko ginateke. Konfinamenduak leihotik begiratzeko aukera eman digu, aurrez aurre dugun zuhaitza aztertzeko eta ikusteko kardamiruen edo txorruen hobi bat dagoela bertan. Edo errekaren ondoan basahateen kumeak atzeman, beti izan direnean hor.

Horri denari, gehituko nioke ernaltze-garaian jazo dela konfinamendua, eta une horietan ikus daitezkeela gehiago animaliak, beldurra alde batera uzten dutelako. Dena dela, aitortu beharra dago hainbat animaliak, nahiz eta normalean inguruotan ibili ohi diren, egunok erabili izan dituztela herriguneetara gehiago barneratzeko, kotxerik eta jenderik ez dela egon aprobetxatuta. Horiexek dira guztiz oportunistak diren orkatzak, basurdeak, azeriak eta lepazuriak. 

Gainera, duela gutxiko artikulu batek ikertu du nola hiriko hegaztiek udaberriko kantuen bizitasuna gutxitu dute, karrankaritasuna txikituz eta melodiosoagoa eginez. Izan ere, kotxeak egon ezean, ez dute zarata horiek guztien gainetik egon behar izan.

Argi dagoena da Amalurrak eta berearen zikloek aurrera egin dutela hilabeteotan eta konfinamenduko beste lau hilabete gehiago behar izango direla pertsonok ziklo horien izaera naturalaren parte izateko. 

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun