Hizkuntzaren zalantzategia

*Pandemia baten aurrean egongo ginateke

Eunate Muruaga 2020ko uzt. 6a, 10:00

Beti iruditu zait baldintzak zalantza asko sortu izan dituela, bai euskaraz, bai gaztelaniaz. Eta arazoa areagotu egiten da itzuli nahi izaten dugunean. Izan ere, azken boladan gehiegitan erabiltzen dugu baldintza behar ez den tokian. Azter dezagun zergatik.

Gaztelaniaz badago "condicional de rumor" delakoa, eta oso normala da horren erabilera mota honetako esaldietan, esaterako: Según el consejero, estaríamos ante una pandemia. Euskaraz, ordea, ez da egokia itzulpen hau: Pandemia baten aurrean egongo ginateke, sailburuak esan duenez. Kontuan hartu behar dugu berez ez dagoela baldintzarik horrelako esaldietan, eta euskaraz behintzat, honela adierazi beharko genituzke: Antza, pandemia bat dago, sailburuak esan duenez

Hona hemen beste adibide bat: Musika-talde honen buruak adierazitakoaren arabera, abuztuan aterako litzateke disko berria. Esaldiaren esanahiari erreparatuta, argi ikusten da ez dela hipotesia, beraz, ez du baldintzarik behar: Musika-talde honen buruak adierazitakoaren arabera, dirudienez, abuztuan aterako da disko berria.

Zurrumurruak adierazi nahi ditugunean ere, askotan erabili ohi dugu baldintza, baina ez da egokia. Adibidez: "*Iturri batzuen arabera, Madrilen izango litzateke datorren urteko Kongresua". Berez ez da baldintza, zurrumurrua baino. Eta euskaraz badugu baliabide ezagun bat hori esateko: "Madrilen izango omen da datorren urteko Kongresua". 

Zurrumurruak adierazi nahi ditugunean ere, askotan erabili ohi dugu baldintza. Baina horiek ere ez dira egokiak. Adibide bidez, errazago ulertuko dugu: *Iturri batzuen arabera, Madrilen izango litzateke datorren urteko Kongresua. Berez ez da baldintza, zurrumurrua besterik ez. Eta euskaraz badugu baliabide ezagun bat horiek emateko: Iturri batzuen arabera, Madrilen izango omen da datorren urteko Kongresua.

Aipatutakoez gain, beste itzulpen hauekin ere kontuz ibili beharra daukagu: *16 km geratuko lirateke mugara heltzeko. Adierak erakusten digu ez dela baldintza, hortaz, 16 km geratzen dira mugara heltzeko. Hona beste bat: *Solaskidearekin zuzenean hitz egingo lukeen arduradun bat izendatuko dugu. Hori ere ez da baldintza, arduradunaren lana horixe izango baita. Beraz: Solaskidearekin zuzenean hitz egingo duen arduradun bat izendatuko dugu.

Dena dela, ez dira horiek egiten ditugun huts bakarrak. Batzuetan zenbait aditz iraganean jarrita (esan, uste izan...) zer edo zer kontatu nahi dugunean, honelakoak idazten ditugu: *Josebak esan zuen bihar bukatuko lukeela txostena. Kasu horretan iraganeko gertaera bat adierazteko baldintzazkoa erabiltzen dugu, baina ez gara hipotesi batekin ari, beraz, ez da egokia. Josebak esan zuen bihar bukatuko zuela txostena. Bestetan, gaztelaniaz baldintza-kutsua dutenak dauden-daudenean itzultzen ditugu: *Hezkuntza Sailak 200 langile baditu, Nekazaritza Sailak 80. Hori ere ez da baldintza. Beraz: Hezkuntza Sailak 200 langile ditu eta Nekazaritza Sailak 80.

Kontrakoa ere gertatu ohi da itzulpenekin, baldintza behar denetan ez erabiltzea, alegia: *Gaixotasunaren kasuan, ordezkoa etorriko da. Euskaraz itzulpen horiek ez dira naturalak. Hobeto horrela: Gaixorik badago, ordezkoa etorrikoa da.

Azkenik, eta baldintzarekin ari garela kontuan hartuta, zenbait egituraren erabilera aztertuko dugu. Lehenengoak bailitzan, bailuen eta antzeko egiturak izango dira. Azken aldian hamaikatxo testutan ikusi ahal izan ditugu horrelakoak, eta egia esan, okerrak ez badira ere, ez da euren erabilera bultzatzen. Eta horixe adierazten du Euskaltzaindiak: "Bazter utzi beharrekoak ez badira, bultzatzekoak ere ez dira". Hortaz, honelakoak idatzi beharrean: *Hemendik segituan alde egin du, tximista bailitzan, honelakoak idatzi behar ditugu: Hemendik segituan alde egin du, tximista balitz bezala

Beste esamolde oker bat hau da: gutxi balitz. Aspaldian horrelaxe ikusi ohi da idatzita, baina egitura egokia gutxi balitz bezala da. *Hori gutxi balitz, akta egiteko agindu zidan zuzendariak. Hori gutxi balitz bezala, akta egiteko agindu zidan zuzendariak. Hala ere, beste modu askotara eman daiteke informazioa: Hori gutxi iritzi eta, akta egiteko agindu zidan zuzendariak. Hori nahikoa ez zela eta, akta egiteko agindu zidan zuzendariak. Gainera, akta egiteko agindu zidan zuzendariak. Hori ezer ez balitz bezala, akta egiteko agindu zidan zuzendariak. Ikusten duzuenez, aukera asko dago informazio bera emateko, ez baitugu ahaztu behar beti dela egokiagoa euskarak berak dituen baliabide aberatsak erabiltzea gaztelaniatik itzultzen ibili beharrean. Ez duzue uste? 

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun