Eutsi tarteari

Joseba Santxo Uriarte 2020ko uzt. 6a, 11:36

Lasai. Ez dut pandemiaz idatzi behar. Baina bai epidemiaz. Hizkuntza izurriaz, hain zuzen ere. Alabaina, hizkuntzaren itsaso zabalegian murgildu beharrean, zingira batean egingo dut sartu-irtena. Ur geroz eta uherragoa duen istilean.

Urte zenbaitzuk igaro dira euskara batua sortu zenetik. Ordutik, zorionez, hainbat bide berri urratu ditu gure hizkuntza nazionalak. Euretariko batzuetan aurrerago egin du beste batzuetan baino. Baina egiten duen urrats bakoitzeko, bidezabal, gurdibide, bidezidor eta estrata berriak azaltzen zaizkio.

Hezkuntza arloan elkarlana eta lan kooperatiboa bereizten diren moduan (lehenengoa gehiagoko barik batera aritzea litzateke, eta bigarrena, berriz, helburu komun batekin egitea elkarlana), begitantzen zait onura baino ez litzaigukeela etorriko hizkuntzaren arloan halaber eragile guztion artean elkarlanaz gain lan kooperatiboa ere egingo bagenu.

Nire lehenbiziko proposamena errotulazioan lan kooperatiboa egitea da. Euskaltzaindiak erantzukizun handia du horretan. Baina euskararen akademiak bakarka nekez onbidera lezake egungo egunean errotulazioan dugun hizkuntza anabasa. Komunikabideek, erakundeek, ikastetxeek, elkarteek, sortzaileek, eta abarrek era kooperatiboan jardun ezik nekez berbidera liteke hizkuntza egoera kaotiko hau. Eta orain ez naiz hizkuntza akatsei buruz ari (horrek beste artikulu batzuetarako mamia emango luke), ezpada hizkuntzaren egokitasunaz eta batasunaz.

Gizartean errealitate berri (edo zaharberritu) bat sortzen denero, gure auzo hizkuntzek behin-behingoan eskaintzen dizkigute hizkuntza baliabideak. Eta gu, euskaldunok, hiztun trebeak izanik, laster egiten diegu leku gure eguneroko euskaran. Nork bere erara, ordea. Eta horrexetan datza gure akats nagusia. Gure banakako buruaskitasunean. Ez dugu hizkuntza komunitate kohesionatu baten eran jokatzen. Ahalegina egiten dugu, baina ez egin ahala, hots, ez egin genezakeen guztia. Behin baino gehiagotan entzun izan ditut Adolfo Arejitaren hizkuntza aholku ezin interesgarriagoak Euskadi Irratian. Baina hor esaten diren hitzak haizeak eroaten ditu, eta tamalez gero ez dira tokian tokiko eta kasuan kasuko euskarrietan islatzen.

Demadan adibide argigarri bat. Distantzia mantendu irakur daiteke nire herriko osasun etxeko behearen gainean, ilaretan metro eta erdiko tarteari eutsi behar zaiola adierazteko. Loiuko aireportuan, berriz, Gorde distantzia dio zoruko idazkunak, aurreko mezu berbera izanik ere. Eta ez zait iruditzen probintzia bereko osasun etxe batetik aireportura halako distantzia handia dagoenik, ez fisikoa, ez linguistikoa. Eta honek kezka bi sortzen dizkit. Lehenengoa, egokitasunarena. Milaka tokitan idatziko diren euskal esapide horiek hizkuntza senez, morrontza linguistiko handiegirik gabe, eta egoerak eskatzen duen lehiaz taxutzeko gure gaitasunik eza. Eta bigarrena, batasunarena. Kontsentsu bidez adostutakoa (kasu hipotetikoan nabil, noski, oraindinokarren ez baikara puntu horretara iritsi) euskararen eremu osora hedatzeko eta bermatzeko gure ezintasuna.

Londresen izan nintzenean, berehala erreparatu nion metroko nasen ertzeko mezuari: Mind the gap. Ez nuen hitzez hitz ulertu, baina jakinik ‘gap’ hutsunea dela eta oharraren testuingurua ikusirik, bagoiaren eta nasaren arteko hutsunearen arriskuaz ernarazteko mezua zela jabetu nintzen. Eta lehengo puntu bietara itzulirik. Bat, hizkuntza egokitasuna. Be careful with the gap ere jar zezakeen. Edo beste era bateko hitz konbinazioa, baina hautatutakoa, Mind the gap, hizkuntza sen handikoa da, ekonomikoa (laburra) eta jatorra, hau da, morrontza linguistiko nabarmenik gabea. Eta bi, batasuna. Testu berbera zegoen metro zein geltoki guzti-guztietan.

Baina ez nire berbok oker interpretatu. Ez diot kasu guztietan hitz konbinazio bakarraren hautua egin behar dugunik. Ez diot, kasurako, mantendu edo distantzia berbak ezin erabil daitezkeenik. Ugaritasunaren eta aberastasunaren alde nago. Ez nago ni hizkuntza baliabideen murrizketaren alde. Ez nago garbizalekeria antzugarriaren fabore. Seguru nago hemen kritikatu dudan mezua (Mantendu distantzia) ahoz erabilita nagoela neu ere behin baino gehiagotan. Zein egoeratan den. Norekin dihardudan berbaz. Baina kontuz erregistro idatziarekin. Erne milaka tokitan idatzi beharreko mezuekin. Kasu denok irakurtzeko moduan jarri beharreko oharrekin. Izan ere, argi baino garbiago daukat hizkuntza sendo batek tinko eutsi behar diola erregistro mintzatuaren eta idatziaren arteko tarteari, hizkuntza jatorraren eta menpekoegiaren arteko tarteari, aberastasunaren eta batasunaren arteko tarteari. Eutsi tarteari!

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun