Koronabirusa Uribe Kostan

Eta aurtengo udan, zer?

Iker Rincon Moreno 2020ko uzt. 9a, 10:48

Domino-fitxen antzera, osasun-krisialdia dela eta, udarako aurreikusitako kultur ekitaldi eta jai ofizial denak bertan behera utzi dituzte Uribe Kostako udalek eta jai-batzordeek, batak bestearen atzetik. Apurka-apurka, datozen hilabeteotarako eskaintza alternatiboa prestatzen hasi dira hainbat udalerritan, hala nola jai birtualak eta ekitaldi xumeak. Bada, zer-zelako uda igaroko dute uribekostarrek bertoko udalerrietan? Zer egiteko parada egongo da, non eta nola? Galdera denei erantzuten saiatu gara hurrengo lerrootan.

COVID-19ak eragindako pandemiak gogor kolpatu ditu gizartearen sektore denak. Eskolak izan ziren lehenak ateak ixten, martxoaren 13an; segituan, sektore publikoko bulego eta eremu denek ere pertsianak zigilatu zituzten. Enpresa pribatu askok ere, nork bere martxan, jarduera eten edo telelana abiatu zuten. Kultura arlokoek, aldiz, konfinamendua arintzeko askotariko eskaintza egitea lortu zuten, euren sektorea etorkizunean arriskuan egon zitekeela jakin arren. Udaldia komodina zirudien, plazak eta antzokiak berreskuratzeko aukera egongo zela uste zen, eta etxean konfinatuta geunden bitartean, ez ziren gutxi izango hilabeteotan herriz herri eta jairik jai dantzan eta alai aurreikusten zituztenak euren buruak. Hala ere, zoritxarrez, koronabirusak ez du indarra galdu, eta oraindino zeresana du, eta izango du, sasoi bero honetan. Domino fitxen antzera, udarako aurreikusitako kultur ekitaldi eta jai ofizial denak bertan behera utzi dituzte udalek eta jai batzordeek, batak bestearen atzetik. Getxoko Andra Mariko festak izan ziren erortzen lehenak. Martxoaren akabuan jai horretako batzordeak zabaldutako oharrean ospakizunon izaera goraipatu zuten, “auzoa lotzeko eta eraikitzeko” ezinbestekoak direlakoan, baita auzotarrak “elkartzeko eta indarrak batzekoa” ere. Hala, “hori ez galtzeko”, jaiak bertan behera utzi arren, horien izaera presente izan zuten auzoan eta sinbolikoki festetako zapiak ikusteko aukera egon zen leku askotan. Hortik aurrera, tantaka, herri denetako udalek eman dute erabaki berdinaren berri, mezu berdinagaz: jaiak bertan behera.

Udako jai ofizialik ez da egongo beraz Uribe Kostan, ez behintzat orain arte ezagutu ditugun modukoak. Leioako Lamiako eta Txorierri auzoek daborduko modu birtualean ospatu dituzte jaiak, nork bere etxean egiteko askotariko ekintzakaz. Lamiakoren kasuan, San Maximo jai birtualen hiru eguneko egitarau oparoa prestatu zuten maiatzaren 29tik 31ra. Antolatzaileek online izaerako egitaraua prestatu eta sare sozialen bidez zabaldu zituzten jarduerak, auzotarrek euren etxeetatik jaietan parte har zezaten. Txorierrikoek, aldiz, egun bakarrean pilatu zituzten ospakizun denak, herri-bazkaria eta guzti; patata-tortilla etxeko jangelan jatekoa, noski. Leiho eta balkoien apainketa-lehiaketaren, tortilla-lehiaketaren eta mozorro-lehiaketaren argazki eta bideoak jai-batzordearen Facebook orrian partekatu zituzten. Hala, herritarren parte-hartzea “oso ona” izan zela goraipatu dute auzo horretako festen antolatzaileek: “Oso pozik gaude emaitzarekin, jai giroa egotea lortu genuen, eta kalean egindako ekintzetan maskarak eta distantziak bete egin ziren”.

San Joan jaiei dagokienez, Barrikak ez zuen alternatibarik antolatzeko paradarik izan; Leioak, aldiz, aurreko auzo txikien ildoei jarraituta, jai birtualak egin zituen. Besteak beste, aurreko urteetako jaietako bideoak argitaratzeaz gainera, ekainaren 19tik 24ra leihoak edo balkoiak kuadrillen kamisetak edo beste zerbait ipinita apaintzeko eta horren argazkia bidaltzeko eskatu zuten antolatzaileek, ondoren irudiok sare sozialetan partekatzeko. Gainera, San Joan egunaren bezperan, ekainaren 23an, bakoitzak bere etxetik mugikorraren edo linterna baten bidez herrigunea argiztatzeko eskatu zuten. San Joan gaua ere modu berezian ospatu zen gainontzeko hainbat udalerritan, osasun-krisia dela eta, ezin izan baita modu tradizionalean ospatu leku askotan. Hala, Getxon eta Plentzian, berbarako, bideo berezi baten bidez gau magiko horretaz gozatzeko aukera egon zen.

Udalen eta jai batzordeen arteko harremana

Udako ospakizun denak bertan behera uzteko erabakiaren berri eman zuten Uribe Kostako udalek maiatzaren erdialdean, udalerrietako jai batzordeakaz adostutako akordioak zirela zabalduta. Hala ere, festen antolatzaile denak ez dira ados egon udal arduradunek egindako bideagaz. Berbarako, Algortako jai batzordeak gogor kritikatu egin du balizko akordio hori eta deitoratu du ez dela adostasunik egon erabaki hori hartzerakoan, ezta harreman iraunkorrik jaiei irtenbide bat bilatzeko asmoz. Algortako jai batzordeko kideek deitoratu dute Udalak erabaki “azkarrak” hartu dituela jaiak bertan behera uzteko. Era berean, udal agintariek prozedura “oso desegokia” erabili dutela salatu dute, hala nola jai batzordeakaz hitzartutako bilerak egun batetik bestera edo egun berean deituta; domeketan urgentziazko bilerak planteatuz; eta egun gutxiko tartea emanez jai batzordeei erabakiak hartzeko. “Gure ustez, funtzionamendu modu horrek ez dio erantzuten jai batzordeen errealitateari eta gure lanarekiko errespetu falta izugarria dela deritzogu. Are gehiago, presiopean eta egoerak baldintzaturik egindako Udalaren eta jai batzordeen arteko kontraste horren emaitza hasieratik idatzita zegoenean: aurtengo jaiak bertan behera uztea, hain zuzen ere”. Kontuak hala, Udalaren azken momentuko proposamena “akatatu” zuen Algortako jai batzordeak, “ulertuta hori egin ezean, jaiak linbo batean geratzen zirela”.

Jaiak bertan behera uzteko erabakia udalen eta auzoetako jai batzordeen arteko adostasunari esker heldutako akordioak izan direla zabaldu dute herri askotan. Algortan, baina, bertoko jai batzordeak Getxoko Udalaren jarduteko modua deitoratu du, euren hilabeteetako lana gutxietsi eta festa alternatibo batzuk prestatzeko egindako proposamena aintzat hartu ez dutelakoan.

Azken hilabeteotan egoera berri honetara jaiak egokitzeko lana egin dute Algortako jai batzordeko kideek. Aitortu dutenez, argi izan dute uneoro jaiak ezin izango zirela egin aurreko urteetan bezala, eta kontzienteak izan dira osasun-krisi honek sortutako egoera zein den eta uneoro jarri gura izan dutela herritarren osasuna eta segurtasuna mahai-gainean. Hala ere, jaiek herritarrentzako onura handiak dakartzatela gogoratu dute: “Herritarron arteko harremanak estutu, komunitatea egin, elkarrengandik babestu eta elkarrekin gozatzeko espazioak dira. Gure kaleak aldarrikatzeko egunak dira. Gure herritarrak babesteko uneak dira: komertzio lokala sustatu, ostalaritzari bultzada eman, gure herriko elkarte eta eragileak ezagutu eta euren lana kalera eraman, egoera zaurgarrian dauden gure auzokideak lagundu... Azken finean, jai herrikoiak guztionak diren ospakizunak dira, herria hainbat egunez alaitu eta girotu egiten dutenak. Herriak egina eta herritarrontzako”. Balio horiek denak une latz hauetan “inoiz baino beharrezkogoak” direla azpimarratu dute. 

Getxoko Udalak aurtengo jaiak antolatzeko diru-laguntzaren aurrekontuaren % 15 emango die iraila bitarteko batzordeei ekitaldi programa bat gauzatzeko, higiene- eta osasun- bermeak mantenduta. Programa horrek honako ekitaldi hauek har ditzakeela ohartarazi dute udal arduradunek: streaming bitartez eskainitako ikuskizunak, online lehiaketak, merchandisingaren diseinu eta ekoizpena eta sare sozialen bitartez jaiak gizarteratzeko bideo baten grabaketa. Horren harira, Algortako jai batzordeak azpimarratu du uko egingo diola aurten Udalak jai telematikoak antolatzeko proposatutako diru-laguntza horri. “Diru-kantitate hori herriko sektore kulturala indartzeko bidera dezatela”.

Horren ordez, batzordeko kideek gogoratu dute uztailaren 29tik abuztuaren 2ra izango zirela aurten Algortako San Inazio jaiak eta egun horietan zehar jaietako zapia kalera ateratzera animatu ditu herritarrak jai batzordeak, jantzita, balkoian jarrita, tabernan zein komertzioetan. Horretarako, zapi ugari jarriko dituzte salmentan eta horiekaz lortutako dirua udalerriko komertzio zein elkarteei ekarpena egiteko asmoa dute. Izan ere, jai batzordeko kideek azaldu dutenez, herriko jardun ekonomikoa eta kulturala sustatzea zen ospakizunak egokituta mantentzearen helburuetako bat.

Jaietarako aurrekontuakaz, zer?

Udalerriaren arabera, jaietarako bideratuta egongo ziren aurrekontuen zatia leku batera edo bestera bideratuko dutela adierazi dute udalek egunotan. Hala, berbarako, Leioan eta Erandion tokiko ekonomia suspertzeko eta COVID-19 pandemiaren ondoriozko krisia gehien jasaten dutenei laguntzeko erabiliko dutela azaldu dute. Iban Rodriguez Leioako alkatearen esanetan, hartutako neurriak laguntza-politika berriak diseinatzeko balioko du, daborduko iragarri direnak indartzeaz gain. Erandioko Udalak eta auzoetako batzordeek elkarregaz sinatutako idatzian, aldiz, azaldu dute jaietarako izaten diren laguntzak osasun-krisiaren ondorioak arintzera bideratuko direla. Era berean, jaien arima, izatekotan, “ekimen apalagoen” bidez islatuko dela iragarri dute.

Getxoren kasuan, jai batzordeei festa telematikoak antolatzeko emandako diruaren gainerako aurrekontua udalerriko kultur sektorea sustatzera bideratzeko konpromisoa hartu du Udalak. Kultur Etxeak azaldu duenez, proposamen tekniko bat lantzen ari da “ahalik eta lasterren” bideratzeko konpromiso hori. 

Udarako aurreikusitako kultur egitarauak moldatu behar izan dituzte herri denetan. Horiek bertan behera utzi ondoren, apurka-apurka hainbat udal egoera berrira egokitzen diren eskaintza kulturalak prestatzen hasi dira, hala nola Erandion, Gorlizen eta Sopelan. Gainontzeko udalerrietan ere egitarauak prestatzen ari direla diote udalek. Jaiei dagokienez ere, batzordeek egitarau bereziak prestatzen dabiltza egunotan.

Udarako kultur eskaintza, “beharrezkoa"

Datozen hilabeteotan kultura kalera ateratzeko apustu argia egin beharko litzatekeela uste du Ainhoa Ortells kulturgile algortarrak: “Kulturak alaitasun apurtxo bat ematen dio jendeari, eta umeentzat oso garrantzitsua da zerbait egitea. Tabernek eta komertzioek ere eskertuko lukete zerbait egitea; kalea dinamizatzea beharrezkoa da, are gehiago orain”. Metro eta erdiko distantziak mantendu, maskarak eraman, eskuak garbitzeko gel hidroalkoholikoak eskura utzi... Osasunerako segurtasun-neurri denak betetzea oso zaila ez dela dio algortarrak, “lehen bazeuden betebeharreko lege batzuk; orain beste betebehar batzuk daude, apur bat konplexuagoak, baina lan eginda aurrera atera daitezke”. Udako festei dagokienez, herri izaerako jaietara bueltatzeko unea dela dio kulturgileak, “txikitasunera, lokalera”. Oso jendetsuak ez diren ekitaldiak egin daitezkeela uste du Ortellsek. “Sortzailea den jendearekin berba egitea besterik ez dago ikusteko mila aukera daudela. Buruari eragin eta alternatibak sor daitezke, mila adibide dago munduan. Ezer egiten ez bada ez delako nahi da; ez da ezinezkoa”.

Apurka-apurka, udarako eskaintzaren berri ematen hasi dira hainbat udalerritan, hala nola Sopelan: ekainaren 27tik hasita, eta abuztuaren 16ra bitartean, aire zabaleko hogei kultur emanaldi inguruk osatutako programazioa egingo dute, Udalak antolatutako Sopela uda kalean ekimenaren barruan. Horiez gozatzeko gonbidapena hartu beharko da aldez aurretik, eta COVID-19a dela eta ezarritako arauak zorrotz betearaziko dituztela ohartarazi dute. “Musika-hitzorduek, antzerkiek, zineak, magiak, dantzak, bakarrizketek, kalejirek eta haurrentzako hainbat ikuskizunek osatzen dute programazioa”, azaldu du Udalak, “guztiak COVID-19ari aurre egiteko osasun eta segurtasun neurri zein gomendioei egokituak”. Maskara ipintzea derrigorrezkoa izango da, baita pertsonen arteko metro eta erdiko distantzia uztea ere, gutxienez. Arau hori betearazteko, hain zuzen, ikusleentzako aulkiak aldez aurretik esleituta egongo dira, eta batetik besterako behar adinako distantziara kokatuta. Edozein kasutan, bizikidetza-unitate bereko kideak elkarregaz jesarri ahal izango dira. “Antolatzaileek ezarritako segurtasun arauak ez betetzeak jardueretan parte hartzeko debekua ekar dezake”, ohartarazi dute antolatzaileek. Hitzorduetakoren batera joateko interesa dutenek gonbidapena jaso beharko dute ikuskizun bakoitzaren aurreko eguenetik aurrera, pertsona bakoitzeko bost asko jota. Edukiera bete ezean, ikuskizunaren lekuan eskuratu ahal izango dira gonbidapenak, hasi baino ordubete lehenagotik.

Ildo horretan ere agertu da Gorlizko Udala; oraindino zehaztasun handirik eman ez duen arren, jakinarazi du normaltasun berriari egokitutako aisialdi-egitarau bat eskaintzeko egitarau bat antolatzen ari dela udaldirako. Azpimarratu dutenez, arte eszenikoen arloan (dantza, musika, antzerkia...) eta erakusketak egingo dituzte, besteak beste. Horrez gainera, udako zinea; 3 eta 5 urte arteko umeentzako udalekuak; eta Gazteleku eta Ludotekako zerbitzuak ere mantenduko dituzte.

Udalerriko jaiak bertan behera uztearen erabakia hartu arren, herritar gazteenen gozamenerako egitaraua antolatu ditu udaldirako Erandioko Udalak baita ere, Altzagan, Astrabuduan eta Erandiogoikoan. Zinemari dagokionez, uztaileko lau zapatuetan emango dute, 22:00etan. Uztailaren 4ko eta 25eko emanaldiak Irailaren 23a plazan egingo dituzte, uztailaren 11koa Euskadi plazan eta 18koa Josu Murueta plazan. Kalezale antzerki-zikloa ere izango da udan. Udalak emandako informazioak ez du argitzen zein datatan izango diren emanaldiak; besterik gabe, antzezlanen hasiera-ordua 20:00ak izango dela eta astelehenetan Irailaren 23a plazan, eguaztenetan Josu Murueta plazan eta barikuetan Euskadi plazan egingo direla adierazi dute. Azkenik, Udan Jolasean izeneko tailerrak eta jolasak izango dira, 11:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 19:00etara. Astelehen eta barikuetan Josu Murueta plazan, martitzen eta eguenetan Irailaren 23a plazan eta eguaztenetan Euskadi plazan.

Oraindino zehaztasunik ez

Gainontzeko udalerri gehienetan ere osasun-krisialdi honetara egokitutako kultur ekitaldien egitaraua antolatuko dutela agindu dute udalek eta jai batzordeek, hala ere oraindino ez dute argitu zelako ekitaldiak antolatuko dituzten hilabeteotarako. Jaiei dagokienez online bidezko eskaintza egingo dute askok; hala ere, kalea berreskuratzeko ekitaldiren bat edo beste ere iragarri dute. Horien denen berri emango dugu jakin ahala HIRUKA webgunean. 

Kultur egitaraua bidera daiteke gaur egungo egoeran?

Aukerak egon badaude; lehenagotik bazeuden lege batzuk jarraitu behar zirenak. Orain badaude beste neurri batzuk, konplexuagoak direnak, baina lan eginda aurrera eraman daiteke dena. 

Zeintzuk dira neurri horiek?

Metro eta erdiko distantzia mantendu, denek maskarak erabiltzea eta, kultura arloan, ikusle denak eserita egotea. Eskuak garbitzeko gela jarri eta horrekin denarekin zerbait egin liteke.

Zergatik ez da ezer antolatzen leku askotan?

Kulturak ekonomikoki balio handirik ez duelako. Tabernek eta komertzioek eskertuko lukete zerbait egitea; kaleak dinamizatzea beharrezkoa da. Alaitasuna emango luke denon bizitzan.

Ainhoa Ortells
Kulturgilea

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun