Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak

Uribe Kostako udalerrietan EAJ garaile, EH Bildu eta PSE gora eta Podemos eta espainiar eskuma behera

Unai Brea 2020ko uzt. 13a, 11:47

Ñabardurak ñabardura, EAE osoan izandako joera izan da Uribe Kostako udalerrietan ere, atzo egindako Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetan. Orain dela lau urtekoakaz alderatuta, parte-hartzeak nabarmen egin du behera; hala ere botoetan gora egitea lortu dute EH Bilduk eta PSEk, lehenbizikoek batez ere. EAJ udalerri denetan izan da lehen indarra alde handiz, denetan boto batzuk galdu arren. Eta amildu egin dira bai Podemos bai PPk eta Ciudadanosoek egindako koalizioa.

Zalantza barik abstentzioa izan da protagonista nagusia atzoko hauteskundeetan, eta Uribe Kostan ere ia hamar puntu inguruko beherakada izan du parte-hartzeak 2016ko Legebiltzarrerako hauteskundeakaz konparatuta (%34,9koa izan zen abstentzioa orain lau urte, eta %44,4koa atzo, EAE osokoa baino apur bat txikiagoa). Eskualdeko udalerri denetan boto batzuk galdu ditu EAJk, gutxi gorabehera abstentzioaren gorakadari egotzi dakizkiokeenak, baina denetan izan da lehenengo indarra, ohi duenez.

EH Bilduk, berriz, udalerri guztietan bigarren indarra izatea lortu du boto-kopuruan izandako gorakada handiari esker; baita Getxo, Erandio eta Leioan ere, ezustean. PSE da pozteko arrazoiak dituen beste alderdia, hark ere botoetan gora egin baitu Uribe Kostako udalerri gehienetan, parte-hartzea hainbeste jaitsi arren.

Txanponaren ifrentzuan, boto-galera nabarmena izan du Podemosek (udalerri batzuetan erdira bajatu da gutxi gorabehera), eta oso txartzat jo behar dira ere PPk eta Ciudadanosek egindako koalizioaren emaitzak, orain dela lau urteko bien batura baino askoz boz gutxiago lortu dute eta. Are eskumarago, bere botoei eutsi die Araban legebiltzarkide bat lortu duen Vox alderdi ultrak; hala ere, herri batzuetan haren gainetik egon dira Equo eta beste indar batzuk.

Herriz herriko emaitza guztiak ikus daitezke Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Sailaren web orri honetan.

Barrika

Ohi denez, EAJ garaile (43 boto galduta) eta EH Bildu bigarren (23 irabazita) izan dira Barrikan. Espainiar eremuko indarren artean eman da aldaketa 2016tik hona: PSE bosgarren bozkatuena izatetik hirugarrenera pasatu da, Podemosek erdia baino gehiago galdu du eta PP-Ciudadanos batura 62 bototik 39ra jaitsi da. 

Berango

Berangon ere erdia baino gehiago galdu du Podemosek, eta ia erdia PP-Cs bikoteak. PSEk eta EH Bilduk, berriz, botoak irabazi dituzte; sozialisten kasuan, hirugarren indarra izan dira, Podemosen kaltetan. EAJk ia ehun boto gutxiago eskuratu ditu 2016tan baino, baina aise eutsi dio nagusitasunari.

Erandio

Eskualdean abstentziorik handiena izan ohi du Erandiok, eta oraingoan ere hala izan da: %50,2. EAJk 800 boto gutxiago lortu ditu orain dela lau urteko hauteskundeetan baino, baina hala ere ia hurrengoak bi halako jaso ditu. Oraingoan EH Bildu izan da bigarrena, ia 400 botoko gorakada handia eginda. Aurrekoan bigarren izandako Podemos, berriz, laugarren izan da orain (erdia baino gehiago jaitsita) eta PSE hirugarren mantendu da, boto gutxi batzuk irabazita. Izugarri behera egin du ere PPren eta Ciudadanosen baturak, erdia baino gehiago galdu dute eta.

Getxo

2016tik hona 2.000 boto baino gehiago galduta ere, nabarmena izan da EAJren garaipena Getxon. EH Bilduk emaitza historikoa lortu du, bigarrena izan baita PPren gainetik (oraingoan C´s ere gehituta); izan ere, eskuindar koalizioaren boto-galera, orain lau urte alderdi bakoitzak bere aldetik lortu zuena batuta, 3.000 boto baino gehiagokoa izan da Getxon. Podemosek erdia baino gehiago galdu du hemen ere, eta PSEren azpitik geratu da. Sozialistek, euren aldetik, ia 200 boto irabazi dituzte.

Gorliz

Besteetako joera berdina izan da Gorlizen. Hala ere, Podemosek hirugarren indarra izaten jarraitu du beherakada handia izan arren. Oso hurbil izan du PSE, boto batzuk irabazi eta espainiar konstituzionalismo klasikoaren ordezkarien artean aurrea hartu diona PP-Ciudadanosi. Ehun boto inguru galdu ditu EAJk, nagusitasun handiz gailendu bada ere, eta 60 inguru irabazi ditu bigarrenak, EH Bilduk. Abstentzioaren gorakada apalagoa izan da batez bestekoa baino; zazpi puntu inguru.

Leioa

Eskualdeko bigarren udalerririk populatuenean ere bigarren geratzea lortu du EH Bilduk, besteak beste 400 botoko gorakadari eta Podemosen zartakoari esker. Erdia galdu dute moreek, eta ia beste horrenbeste popularrek eta Ciudadanosek. PSEk zertxobait irabazi du eta hirugarren bozkatuena izan da; EAJ, 600 boro baino gehiago jaitsi arren, besteen gainetik ibili da. Abstentzioa, %47tik gorakoa.

Lemoiz

Hauteskundeei dagokienez gorabehera gutxiko udalerria izaten da Lemoiz, eta oraingoan ere abstentzioaren igoera gutxien igarri duenetakoa izan da. Hala, eta ohi legez, eskualdeko parte-hartzerik altuena izan da bertan: %67,3, hiru puntu gutxiago 2016an baino. Emaitzetan besteen joera errepikatu da, baina Podemos hirugarren geratu da, asko galdu arren.

Plentzia

Lemoizegaz batera, Plentzia izaten da parte-hartze handieneko udalerria Uribe kostan, eta oraingoan ere abstentzioaren igoera orokorrak ez dio hainbeste eragin: orain lau urteko %29,8tik atzoko %36,8ra. Ohi bezala, EAJ (batez ere) eta EH Bildu besteen oso gainetik egon dira, eta espainiar eremuko indarren artean PSEk hartu du aurrea, botoak irabazita.

Sopela

Duela lau urteko ordena mantendu da, baina joera orokorragaz bat eginez: EAJk jaitsi baina irabazi, EH Bildu eta PSE igo, eta Podemosek erdia inguru galdu (hirugarrena izan da hala ere). Hori bai, PP-C´s koalizioaren galera handiagoa izan da Sopelan beste batzuetan baino: 403 bototik 171ra.

Urduliz

Tradizioz EAJk indar handiena izaten duen eskualdeko udalerrian ehun boto inguru galdu dituzte jeltzaleek, baina nagusitasunari eutsi diote alde handiz. EH Bilduren gorakada nabarmena da izan da, dena den; 492 bototik 620ra. Besteen artean, Podemosek ozta-ozta eutsi dio PSEren gainetik hirugarren izateari, 2016tik hona ia erdia galdu ostean.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun