Sailkapen-faseak, denera, hamar saio izango ditu, iraileko bost egunetan egingo direnak: 16, 17, 18, 23 eta 24. Egunero saio bi egingo dira ordu berean, 18:30ean. Uribe Kostari dagokionez, lehenengo saioa irailaren 17an egingo dute Getxoko Muxikebarri zentroko Arrigunaga aretoan; eskualdeko ordezkari bik jardungo dute saio horretan: Aritz Landeta getxoztarrak eta Paule Ixiar Loizaga sopeloztarrak. Hurrengo egunean, berriz, Berango Antzokian egingo dute kanporaketa, Beñat Vidal leioaztarra gai-jartzaile dela.
Horiez gain, Inazio Vidal (Leioa) eta Peru de Pedro (Gorliz) egoingo dira irailaren 16an Lekeition egingo den saioan, Peru Vidal (Leioa) irailaren 17an lehiatuko da Busturian, Peru Irastortza algortarrak 23an jardungo du Muxikan, eta egun berean, baina Berrizen, Aitor Esteban urduliztarraren txanda izango da. Orozkoko saioan (irailak 16) Oier Iturralde itzubaltzetarra izango da gai-jartzailea, eta Deriokoan (irailak 24), Olatz Larrinaga algortarra.
Txapelketa, urritik
Txapelketa bera urrian hasiko da, "printzipioz", Bizkaiko Bertsozale Elkartearen esanetan. 2016an finalista izandakoak eta 2018an finalaurrekoetara ailegatu zirenak zuzenean sartuko dira lehenengo-kanporaketa fasera. Denera 36 bertsolarik parte hartuko dute horretan; 2016ko finalistetatik eta 2018ko finalaurrekoetara ailegatu zirenetatik zenbatek ematen duten izena jakindakoan, zehaztu ahal izango da iraileko sailkapen-fasean zenbatek egingo duten aurrera.
Sei kanporaketa-saio egingo dira, eta ondoren, finalaurrekoetako beste hiru. Orain dela urte biko finalistak zuzenean sartuko dira fase horretara. Azkenik, zortzi bertsolari egongo dira finalean. Oraindino ikusteko dago non eta noiz.