Inguruko beste hainbat udalerritan gertatu zen legez, COVID-19aren pandemiaren erdi-erdian sortu zuten Gorliz, Lemoiz eta Plentziako zaintza sarea, "erakundeek artatzen ez zituzten sektoreen beharrei erantzuteko", azaldu dutenez. Sarearen jarduna aurrera eraman ahal izateko hainbat erakundegaz egon dira elkarlanean, hala nola Gurutze Gorria eta Gorlizko Udala. "Eskerrak eman behar dizkiegu emandako laguntzagatik, baita pertsona anonimoek, hiru herrietako elkarteek zein merkataritza establezimenduek emandako laguntzagatik ere. Haiek gabe, ez ginen honaino iritsiko", adierazi dute sareen bitartez zabaldutako ohar batean.
Bidean hainbat oztopo topatu dituztela azaldu dute; hala ere, pertsona askoren elkartasun eta talde-lanari esker horiei denei aurre egitea lortu dutela azpimarratu dute: "Ika-miketatik haratago lanean jarraitu dugu". Konfinamendua arintzea iraun bitartean ere lanean jarraituko zutela erabaki zuten sare horretako boluntarioek, "oraingoan inongo erakunderen laguntzarik gabe eta hasitako bideak iraungitze-data zuela jakinda". Orain baina, "bizi dugun testuingurua aldatu egin dela eta harremanetan geunden familiak beste egoera batean daudela ikusi ondoren", euren lana behin behinekoz amaitutzat ematea erabaki dute. "Espero dezagun epe laburrean gure funtzioaren beharrik ez izatea. Adi egongo gara".