Gaur egungo autua

Joseba Santxo Uriarte 2020ko abu. 10a, 09:24

Maisu Juan. Aspaldiko Peru!

Peru. Bai, gero! Zenbat urte alkar ikusi barik! Zelan daroagu bizimodua?

M.J. Gura baino estuago… Nork esango euskun, ba, epidemia batek jota kalean maskara jantzita ibili beharko genduanik! Sinisteko bere!

P. Arrazoia daukazu, Maisu Juan. Baina izurriteak lehen bere egon dira, eta esango neuke, neurri handi baten, geurea dala honen guztionen errua, ez dogulako jakin aurrekoetatik ikasten. Lehen japoniarreri-ta barre egiten geuntsen musukoa jantzita ikusten genduzanean. Orain eurek egingo deuskue barre guri!

M.J. Izan leike hori bere. Baina halan zein holan, aurre egin behar egoera barriari. Ni orain ospitale bateko burua naz, eta ezin imajina zeinkezan buruhausteak daukadaz egunean-egunean bertara datozan pazienteak behar dan moduan atenditzen.

P. Gaixoak behar dan moduan artatzea da ospitaleetako lehenbiziko beharrizana. Horretan huts egin ezkero, agur!

M.J. Ados nago neu be. Baina orain gauzak asko okertu dira, koronabirusak kutsatuta datozanak koarentenan edo berrogeialdian ipini behar doguz eta.

P. Berrogeialdian? Berrogei egunez isolatuta esan gura dozu?

M.J. Ez, ez, aste pare batekoa izaten da berrogeialdia.

P. Orduan hoba zeunke isolaldia esatea, berba horretan ez da zehazten-eta isolamendua zenbat egunetakoa dan.

M.J. Zuzen zagoz, Peru. Ikusten dot, bai, hizkuntzaren arduran segitzen dozula.

P. Eta aurrerantzean bere jarraitu behar! Euskaldun batzuk edozelango euskaraz egiteagaz nahikotuten dira. Baina gure hizkuntza ederrak hainbat baliabide daukaz eta horreek erabili ezik, ahaztu egingo dira, eta hizkuntza bera trakestuko. Hori bere izurrite baten modukoa dala esango neuke.

M.J. Ahaleginduko naz, bai, hizkuntza kontuetan janzten eta gaurkotuten. Bestetik, arduratuta nago egunokaz ikusten gabiltzan errebroteakaz. Batzuetan atzeraka goazela begitantzen jat.

P. Adiskidea: berragerraldiak gero bere jazoko dira. Hori gauza jakina zan, eta da. Kontua kutsatu kopurua arinegi ez haztea ei da, adituen berbak ondo ulertu badodaz, behinik behin.

M.J. Baina zu eta ni grupo de riesgo diralakoen barruan sartzen gaitue adinagaitik, eta argi ibili beharra daukagu!

P. Arrisku taldekoak izan arren, ez daukagu zertan kezkatu, osasun neurriak hartu ezkero.

M.J. Holantxe da, bai. Edozelan bere, bakuna euki arte ez dogu lortuko gaitza menperatzerik.

P. Txertoa etorriko da behar dan tertzioan. Behar baino lehenago etorterik ez da komeni.

M.J. Egia da, bai. Efektu sekundarioak okerrak izan leitekez. Lehenengo proba guztiak egin behar dira laborategian.

P. Albo ondorioak edo albo eraginak beti izaten dira txarrak, osasunarenak zein hizkuntzarenak. Neurriak aurrez hartu behar.

M.J. Ondo esanda, Peru. Atseginez ikusten dot nilangook osasunaz arduratzen garan moduan, zulangook hizkuntzaren osasunaz arduratzen zariela. Holantxe jarraitu daigula urte askoan!

P. Urte askoan, txapela kaskoan! Jagon burua, Maisu Juan, eta ea alkar ikusten dogun hurrengoan gorputza zein mihina osasuntsu daukaguzan.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun