Euskal preso, iheslari eta deportatu politikoen eskubideen aldeko mobilizazioa egingo dute domekan, hilaren 16an, Plentzian. Antolatzaileek azaldu dutenez, eguerdiko 12:30ean jarri dute lehenengo hitzordua, metro geltokiaren aurreko zubi zurian; bertan egingo dute senideen aldeko ekitaldia. Ondoren, preso bakoitzeko lore bana uretara bota eta martxa abiaraziko dute itsasadarreko paseotik Gorlizeko hondartzaraino.
Aurten bizi dugun osasun-larrialdia dela eta, antolatzaileek "elkar zaintzeko" deia egin dute, distantziak gordeta eta ezarritako neurriak betez. "Arrazoi berberagatik, aurten martxa bukatzean gaztetxea ez irekitzea eta herri bazkaririk ez egitea erabaki dugu", iragarri dute antolatzaileek.