Koronabirusa Uribe Kostan

Osasun larrialdia ezarri du gaurtik Eusko Jaurlaritzak

Berria 2020ko abu. 17a, 11:58

© LEIOAKO UDALA

Besteak beste, edukierak murriztuko dituzte; "inoiz ez hamar pertsona baino gehiago". Bihar emango dute neurri zehatzagoen berri, baina erabateko konfinamendua ezartzea baztertu du Arantxa Tapia sailburuak.

Eusko Jaurlaritzak berriro ezarri du gaurtik aurrera osasun larrialdia, COVID-19aren krisiari aurre egiteko neurriak hartze aldera. Neurri zehatzak asteartean erabakiko dituzte, orduan egingo baitu lehenengo bilera Labi—Larrialdiei Aurre egiteko Bidea— planaz arduratuko den batzordeak. Euskal Autonomia Erkidegoko Aldizkari Ofizialak gaur argitaratu du osasun larrialdia emateko eta plana aktibatzeko aginduak, eta Iñigo Urkullu jarduneko lehendakaria izango da batzordeko burua.

Neurri horietako batzuen berri eman zuten larunbatean Nekane Murga jarduneko Osasun sailburuak eta Arantxa Tapia jarduneko Ekonomiaren Garapen sailburuak. Edukierak murriztuko dituzte; "inoiz ez hamar pertsona baino gehiago". Azaldu zuen, ordea, horrek ez diela eragingo leku batzuei —zinema aretoei, besteak beste—, jendea maskara jantzita, eserita eta "modu ordenatuan" egoten baita. Beste batzuetan, aldiz, jendea "gehiago erlaxatzen" da, eta pilaketak sortzen dira. Horiek eragoztea izango da helburua. Ordutegiak mugatuko dituzte ostalaritzan eta garraio publikoan.

Ez da egoera "atsegina", Tapiaren esanetan, baina "atzerapauso bat eman behar da ezinbestean". Murgak eta biek adierazi zuten orain arte hartutako neurriek balio izan dutela osasun sistema indartzeko; aztarnarien lana nabarmendu zuen jarduneko Osasun sailburuak.

Tapiak adierazi zuen osasun larrialdia ezartzeak ez duela esan nahi iragan hilabeteetan hartu zituzten neurri guztiak hartuko dituztenik, eta errepikatu zuen jarduneko gobernuak ez duela asmorik herritarrak etxean konfinatzeko. Aldiz, ez zuen baztertu arloka edo eremu geografiko zehatzetan itxialdiak ezartzea.

Hiru helbururi buruz hitz egin zuen: osasun sistema babestea, gainezka egin ez dezan; beste konfinamendurik ez ezartzea; eta "birusarekin bizitzen ikastea", horretarako eguneroko bizitzako zenbait arlo aldatuta.

Birusaren hedatzeari aurre egiteko tresna bat izango da osasun larrialdia eta hartaz arduratuko den batzordea. "Berme juridiko bat", dagoeneko hartzen ari diren neurriak hartzen jarraitzeko, eta leku batzuetan arau murriztaileagoak ezartzeko, egoera "egunez egun" aztertu ondoren. Batzordeak bi neurri mota erabakiko ditu astearteko bileran: batetik, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako herritar guztiei eragingo dieten neurri murriztaileak; eta bestetik, soilik herri, auzo edo gune batzuei eragingo dietenak. "Egoera hau ez da hilabeterako izango, luze iraungo du, eta neurri horiek konbinatuko ditugu. Neurri dinamikoak izango dira", esan du Tapiak.

Datuak, okerrera

Izan ere, larriagotzen ari da egoera egunez egun; igandean zabaldutako datuen arabera, larunbatean 770 kasu Hego zenbatu zituzten Euskal Herrian; bezperan baino 96 gehiago. Araban 130, Bizkaian 370, Gipuzkoan 106 eta Nafarroan 160 zenbatu zituzten. Gainera, beste 24 pertsona erietxeratu zituzten.

Berria-tik hartu dugu artikulu hau, Creative Commons-en CC BY SA lizentzia baliatuta. Ikusi hemen jatorrizko artikulua.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun