Izenak berak adierazten duen moduan, izen bihurtutako aditza da aditz-izena; hots, erdi aditz, erdi izen da. Beraz, izena denez, deklinatzeko aukera dauka; eta aditza denez, aditz-osagaiak har ditzake: mendira joatea izugarri gustatzen zait / mendira joateak alaitzen nau / egunkaria irakurtzetik datorkio jakituria....
Formari dagokionez, aditzoinari (esanahia daraman aditzaren guneari) -t(z)e erantsiz lortzen da. Oro har, -tzen forma da nagusia: laguntzen, jasotzen, betetzen... Baina -ten erabiltzen da zenbait kasutan. Alde batetik, partizipioa -n letraz amaitzen duten aditzetan -ten erabili behar da: izaten, egoten, jaten... Hortaz, kontuz zenbait aditzen erabilera okerrarekin, nahiko hedatuta baitaude. Adibidez: Lau eta erdietan irtetzen gara eskolatik / Kostako zaigu krisialdi honetatik irtetzea. Bada, irten aditza -n letraz amaitzen denez, -ten forma behar du aditz-izena sortzeko: irteTEN, irteTEA. Gauza bera gertatzen da ekidin aditzarekin ere. Ekiditzen eta mota horretako formak oso zabalduta daude gure inguruan: Suteak ekiditzeko hainbat gomendio eman dituzte / Gure esku dago zenbait arrisku ekiditzea. Gogoratu ekidiTEKO eta ekidiTEA direla egokiak. Beste aldetik, aditzoina kontsonante txistukariz (s, z) amaitzen duten aditzen kasuan ere -ten erabili behar da: ikas-ikasten, utz-uzten, has-hasten... Kontuz *utzitzen eta gisa horretako moldeekin.
Forma ezagututa, aditz-izenaren zenbait jokamolde aztertuko dugu jarraian. Izan ere, aditz nagusiaren arabera, osagarritzat duen aditz-izenaren jokamoldea ezberdina izaten da. Esaterako: Mendira joatea gustatzen zait (zer?) / Badakit ingelesez hitz egiten (zertan?) / Eskolara joatera behartu nau (zertara?) / Gai naiz hori egiteko (zertarako?). Hala ere, batzuetan nahasi egiten ditugu aditz-izena eta partizipioa. Batzuetan aditz bakoitzaren erregimena (zein aditzek zein deklinabide-kasu behar duen) ez zaintzeagatik. Honatx: *Mendira joan gustatzen zait / *Badakit ingelesez hitz egin. Bestetan, aldiz, aditz-izenaren eta partizipioaren arteko aldeari ez erreparatzeagatik: Nik zu zoriontsua izatea nahi dut / Nik zoriontsu izan nahi dut. Azken adibide horien artean nahasketa handia egoten da. Bien arteko ezberdintasuna ulertzeko kontuan hartu behar dugu subjektua bi perpausetan bera denean, formarik hedatuena partizipioa dela: Nik lana egin nahi dut (hau da, nik nahi dut, eta nik egingo dut lana). Subjektuak ezberdinak direnean, aldiz, aditz-izena erabili behar da: Nik zuk lana egitea nahi dut (hau da, nik nahi dut, baina zuk egingo duzu lana).
Aditz-izenaren erabileran ematen den akatsetako bat komunztadurari dagokio. Esaterako, ez dira zuzenak gisa honetako esaldiak: *Agiriak ekartzea ahaztu zaizkit. Horretan, aditz nagusiaren objektua ez dira agiriak, ekintza bera baizik, ekartzea alegia.
Dena dela, euskalkien arabera aldaerak ematen dira aditz-izenen jokamoldean. Esate baterako, bizkaieraz oso ohikoa da bazkaltzen noa esatea, gainerakoetan ez bezala (bazkaltzera noa). Batzuetan, gainera, formarekin batera esanahia ere aldatzen da, eta horrek ere okerrak dakartza. Ahaztu aditzarekin gertatu ohi da. Hona hemen: Ahaztu egin zait makinaz idazten. Lehen banekien, baina orain ez dakit. Erreparatu hurrengoari: Ahaztu egin zait makinaz idaztea. Makinaz idatzi behar nuen, baina ez naiz oroitu; hala ere, badakit idazten. Ikusten duzuenez, oso bestelako esanahia dute bi esaldiek.
Azkenik, aditz-izenaren erabileran ematen den beste akats bat erakutsiko dizuet: komunztadura. Ez dira zuzenak gisa honetako esaldiak: *Agiriak ekartzea ahaztu zaizkit. Horrelakoetan, objektu plurala aditz-izenarena da (ekartzea agiriak), ez aditz nagusiarena. Aditz nagusiaren objektua ekintza bera da, ekartzea alegia. Esaldi erraz honekin hobeto ulertzen delakoan nago: Sagarrak gustatzen zaizkit. Kasu horretan sagarrak aditz nagusiaren objektua dira. Baina begira nola aldatzen den kontua aditz-izena sartuta: Sagarrak jatea gustatzen zait. Kasu horretan ekintza bera gustatzen zait (jatea). Akats bera du esaldi honek ere: *Programa horiek badakizkit erabiltzen. Aditz nagusiaren objektua zein den kontuan izanda, hau da zuzena: Badakit programa horiek erabiltzen.
Ez dut amaitu nahi aipatu gabe askotan aditz-izena eta nominalizazioa nahastu egiten ditugula, forma bera direlakoan. Baina hori hurrengo baterako utziko dugu.