Koronabirusa Uribe Kostan

'Play Station'-a erre arte

Jon Lopez Saez 2020ko ira. 11a, 12:57

Etsigarria da kirolarekin egiten ari direna. Ez hanka ez buru. Kirolaren arloan hartzen ari diren erabakiak aldrebesak dira erabat. Eta ni, honezkero, etsita nago. Ez baitakit nora garamatzaten alde bateko zein besteko agintariek hartu dituzten erabakiek. Amildegira, akaso.

Batetik, Eskola Kirola bertan behera uztea erabaki da. Lehiaketa, noski, eta aste barruko saioak ere bai. Hau da, Eskola Kirolik gabe sei hilabete eman dituzten haur eta gazteak, berriz ere baztertuta. Ez omen dugu jakin nahi entrenamenduak toki seguruak direla. Segurtasun-neurri guztiak hartuta, edukierak murriztuta, jarduera egokituta, eta protokolo egoki eta egingarriak abiatuta jarduera segurua da, zalantza gabe. Eta bide batez, behar-beharrezkoa sedentarismo eta loditasun arazo larriak dituen gizarte honentzat. 

Bestalde, eta mundu paralelo batean, pandemiarik egongo ez balitz bezala abiatu nahi dute lehiaketako kirola. Kirolari profesionalek, dirutza balio duten test eta protokolo horiekin guztiekin, barra librea izango dute nahi adina besarkatzeko, musukatzeko eta gizarteari irudi desitxuratu bat helarazteko. Kirolari ez profesionalon egoera are okerragoa da, protokolorik gabe protokoloa izango bagenu bezala jardun beharko baitugu. Alegia, test bat ere ez, baina lehiatu beti bezala. Itxurakeria, deus egin gabe dena ondo doala erakutsi nahi duenaren itxurakeria. 

Eta honen guztiaren erdian, kirolariok. Oro har, apurka-apurka normaltasuna berreskuratzea da guztion helburua, baina horretarako plana behar da. Kirolerako plan integralik ezean, nekez lortuko dugu kirolera bueltatzeko modu ziur eta egingarria. Bitartean, halaxe jarraituko dugu: profesionalak burbuila ez eredugarri batean, ez profesionalak inolako babesik gabe lehiatzen, amateurrak noraezean zeri heldu jakin gabe, eta gazte eta umeak etxean Play Station-a erre arte. Benetan etsigarria.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun