Zure samurtasuna bizi

Erabiltzailearen aurpegia Bea Sever Egaña 2020ko ira. 11a, 13:07

Pertsona oro subjektu sexuatua da eta atsegingarria izateko ahalmena dauka, hau da, plazera eman eta hartzeko ahalmena. Hala ere, ahalmen hori garatzeko gizartean hainbat oztopo topatuko ditugu.

Alde batetik, emakumearen gorputzaren merkantilismoaren ondorioz, emakume irreala "saltzen" digute, hortaz, emakumeen artean nagusi da norbere gorputzaren atsegin eza, inoiz ez duelako ideal hori beteko. Bestalde, gizartea portaeraren zapaltzailea da, sexu-harremanen eredu bakarra dagoela sinestarazten digulako: sexualitatea genitalen eta ugalketaren sinonimo gisa ikusarazten du, besterik egongo ez balitz bezala, bestelako plazerak ukatuz: usainak, azala, hitzak...

Horrekin lotuta, esan daiteke gizarte falokratikoan bizi garela, zakila erdigunean jartzen duena. Gizonak, beraz, beste gorputz guztia ukatzen du elementu atsegingarri gisa, eta horrek bere zakilaren gorabeheren mendeko bihurtzen du: zakila tente ez badago, ez dago plazerik. Azkenik, emakumearen sexualitatearen ukazioa ere ematen da. Emakumea ama baino ez da, ezin da gizaki sexuatua izan, are gutxiago haurra bada, zaharra bada, gure ama bada, ezintasun fisiko bat badu, gure irakaslea bada... 

Zer egin dezakegu gizarteak jartzen dituen oztopoak gainditu eta egoera aldatzeko? Lehendabizi, gorputza berreskuratu, plazera bilatu. Gorputz guztia berdina dela gogoratu, genitalek ez dutela zertan lehentasuna izan. Zure gorputza zu zara, goza ezazu zeure burua. Saiatu askatzen, errepresioak gainditzen. Betiko gidoia gainditu, beti dago ikasteko zerbait. Bigarren, partekatzeko izpiritua bultzatu. Askotan ez dakigu ematen, ez dakigulako zer daukagun. Atsegingarria izateko ahalmena ezagutzea, plazera zelan eman eta zelan hartu ezagutzea da. Amaitzeko, gozatzeko eta gozarazteko gogoa izan. Gizaki oro sexuatua da, sexualitatea bultza dezagun atsegingarri izateko guztiok ditugun balioak berreskuratuz.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun