Japoniaren isla duten hiru artistaren lanak erakutsiko ditu aurtengo Bosteko erakusketak

Erredakzioa 2020ko ira. 14a, 14:35
Javier Landerasen argazkietako bat. © BOSTEKO

Bosteko erakusketa ibiltariaren 23. edizioak Javier Landerasen argazkiak, Laura San Juanen margolanak eta Mikel Lertxundiren eskulturak erakutsiko ditu, "Begirada dibergenteak: shakkei ukitu bat" izenburuaren pean eta Iñigo Sarriugarteren zuzendaritzapean. Lanok hilaren 28ra arte egongo dira ikusgai Romo Kultur Etxean eta azaroaren 17tik abenduaren 6ra bitartean Kultur Leioako erakusketa aretoan, besteak beste.

Bosteko 2020 erakusketan hiru artistaren lanak ikusi ahal izango dira: Javier Landerasen argazkiak, Laura San Juanen margolanak eta Mikel Lertxundiren eskulturak, Iñigo Sarriugarte komisario lanetan izanik.

Hiru artista horien lanak "Begirada dibergenteak: shakkei ukitu bat" izenburupean biltzen dira. Erakusketa horretan, sortzaile horietako bakoitzaren ikuspegi dibergentetik abiatuta shakkei edo mailegatutako paisaia kontzeptu japoniarraren inguruko berrirakurketa bat sortzen da; kontzeptu horren arabera lorategi txikiak proiektatzen dira, baina lorategiaren espazio hutsera mugatzen diren funtzioak integratzeko aukera gaindituz elementu mugakideak ere atzematen dituztenak, hala nola tenpluak eta inguruan izaten duten naturaren ezaugarriak.

Erakusketan parte hartzeko aukeratutako lanei dagokienez, Javier Landerasen (Bilbo, 1965) kasuan, japoniar lorategien hainbat argazki erakusten dira, Shironi Hana (2008) eta Kyoto Rikyu (2008-2012) serieen kasuan bezala. Laura San Juanen (Donostia, 1963) kasuan, naturagaz lotutako proposamenak daude; gutxieneko egituren gainean eta pintzelkada txikiz egiten du lan fabrika-jarduketagaz eta sumi-e pinturagaz lotutako teknikakaz eta horri esker aukera du bere proposamenei zen estetikaren eta pentsamenduaren intentzionalitate aseptikoa emateko. Azkenik, Mikel Lertxundiren (Berriatua, 1951) piezak erakusten dira, ekialdeko kulturekiko urrunagoko begiradagaz baina, era berean, estetika horretara hurbiltzea lortzen dutenak, harrian, egurrean eta burdinan oinarrituta baldintza formalaren eta erakutsitako materialen antolamenduaren bidez, eta horrek japoniar lorategietan erabiltzen diren material eraikitzaile eta osagarrietako batzuen inguruko simulazio-jokoa errazten du.

Shakkei kontzeptuak, ondoren lorategi bat diseinatzeko eremu zehatz baten mugaketa aipatzen du. Proiektu hori ere era horretan aurkezten da; izan ere, sormen-lanen multzoa Bosteko erakusketa antolatzen duten bost zentroen inguru fisikora mugatzen da, eta piezak eremu jakin baten arabera artikulatzen dira, ikusmenaren eta gogoetaren arteko erlazioan funtziona dezaten eta, aldi berean, ikuslea lorategi japoniar baten simulazioa laztantzen edo iragartzen duen leku batera eraman ahal izan dadin.

Erakusketa Getxoko Romo Kultur Etxean egongo da ikusgai hilaren 28ra arte; Basauriko Arizko dorretxean, irailaren 30etik urriaren 24ra; Zelaietako (Amorebieta-Etxano) erakusketa aretoan, urriaren 26tik azaroaren 14ra; Kultur Leioako erakusketa aretoan azaroaren 17tik abenduaren 6ra, eta Arrigorriagako erakusketa aretoan, abenduaren 10etik 30era.

Erakusketa horretarako hautatutako hiru artistek euren garapen produktiboan oinarritzen dute euren proposamen artistikoen heldutasun esploratzaileak bermatutako ibilbidea, prozesu teknikoetan zein kontzeptualetan oinarrituta. 50eko hamarkadatik 60ko hamarkadaren erdialdera arteko euskal sortzaileen belaunaldikoak dira.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun