Ekintzek, aldiz, argi eta garbi erakusten dute zein neurritakoa den duten mutur lotsabakoa. Adibideak nahikotxo ditugu Uribe Kostan: Arrontegiko zubia egin zen aspaldi, eta geroago eskualdeko korridorea. Bi horiekin kotxe pilaketa arinduko zen eta arazoa, beraz, konponduta geratuko ere. Eta zein da gaurko egoera? Kotxe kopurua biderkatu egin da eta pilaketak gero eta ugariagoak dira. Esan dezakegu, orduan, agintariak nahi gabe okertu direla? Bai zera.
Azti hauen egiazko helmuga ez da arazoa konpontzea eta are gutxiago mugikortasun eredua aldatzea (nola ulertu, bestela, gure herriko ekonomian kotxearen inguruko arloa izatea pisu gehien duena?). Hauek kudeatzaile finak dira, bai, baina denon diruarekin. Urte asko daramatzate plangintza ederra egiten, sakelak betetzen, diru gosea asetzen, eta ez arazoak guztion onerako konpontzen. Honen isla dira bai Arrontegin nola “Avanzada”-n (Leioako zatian), egun gauzatzen ari diren zabaltze eta moldatze lanak, larrialdi klimatikoa gure gainera datorren garaian, hain zuzen ere.
Eta guzti hori gutxi balitz, xisteratik munduko 8. miraria izango dena atera dute: itsasadarpeko tunela, proiekturik faraonikoena. Bejondeiela!! Inola ere behar ez den egitasmoa, etorkizunarekin talka egingo duena, izugarrizko dirutza (400 milioi, gutxienez) alferrik botako dena, gizarteak beharrizan ugari duen une honetan.
Lurrak bizimodua eraldatzeko aldarrikatzen digun bitartean, aztiek gero eta kotxe gehiago ekoiztu eta saldu nahi dute, eta ibiltzeko behar duten alfonbra gehiago eraiki. Eurak publikotasunaren ordezkariak omen dira, baina ez al dakite kotxea ondasun pribatua dela? Eta ez al dakite ere garraioa dela gaur egun isurketa gehien eragiten duen sektorea? Jakin, badakigu herritar askok itsuki sinesten-bozkatzen dien heinean, aztikeriak egiten jarraituko dutela, baina ondo ulertu behar dugu denok jokabide horrek nora garamatzan.
Kotxerik gabeko eguna? Itxurakeriarik ez, mesedez.