Salaketa egin dute taldeen esanetan, "azken urteetan ohikoak bihurtu dira isurketa horiek, osasun publikoan eta ingurumenean izugarrizko eragina izan arren". Diotenez, urtero, ekain, uztail eta abuztuan (bainu-sasoian, hortaz), milaka metro kubo hondakin-ur botatzen ditu Galindoko araztegiak itsasadarreko uretara. "Era berean, Partzuergoak astero isurtzen ditu ur beltzak zuzenean itsasadarrera, Lamiakon duen punpatze-estaziotik", gaineratu dute.
Egoera larritzat jo dute lau taldeok, eta bai Partzuergoak bai URAk (Uraren Euskal Agentziak) azalpenak eman ditzatela eskatu dute.
Ur Partzuergoaren erantzuna ia berehala etorri da: "Zabaldutako informazioa erabat faltsua da, eta talde berberek uztailean eta abuztuan zabaldutako antzeko prentsa-oharrak ere guztiz faltsuak ziren". Adierazi dutenez, ez Galindoko (Sestao) araztegiak "ez Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoak kudeatzen duen beste ezein instalaziok edo saneamendu-sistemak", ez du gainezka egiten euririk egiten ez duenean, eta euriaren ondorioz hala denean berehala jakinarazten diote URAri.