TOKIKOMek hitzarmena sinatu du Zurrumurruen Aurkako Sareagaz

HIRUKA 2020ko ira. 24a, 17:02

Euskadiko Zurrumurruen Aurkako Sareak (ZAS) eta TOKIKOMek, Toki Komunikabideen Bateraguneak, kazetarientzako ikastaro bat antolatu dute elkarlanean, etorkinakz lotutako zurrumurru eta albiste faltsuei aurre egiteko tresnak eskaintzeko asmoz.

Sare sozialen garaiotan gero eta errazago sortzen eta zabaltzen dira zurrumurru eta albiste faltsuak. Kasu askotan, mezu horiek modu erabat zuzenduan eta helburu argiakaz hedatzen dira: gizartean egoerarik ahulenean dauden taldeei eraso egitea.

Toki-komunikabideek, kalearekiko, azken kontsumitzaileekiko zein giza talde zaurgarri horiekiko hurbiltasunetik, konpromiso eta erantzukizun argia dute zurrumurruak sortzen diren gertuko komunitatean bertan geldiarazi eta gezurtatzeagaz. Hala erakutsi zuten oso argi 2019ko TOKIKOM Sarien ekitaldian, gaiagaz lotutako hainbat ponentzia eta testigantzaren bidez. Sare sozialetako multinazionalek menderatutako ingurune batean, toki-komunikabideen zero kilometroko komunikazioak ezinbesteko papera joka dezake gizartea kohesionatu eta hainbat giza talderekiko aurreiritziak areagotzeko saiakerak geldiarazteko orduan.

Helburu horrexegaz sortu zen, hain zuzen ere,  Euskadiko Zurrumurruen Aurkako Sarea, ZAS. Euskal Autonomia Erkidegoko 34 gizarte-eragilek eta herri erakundek osatzen duten sare horrek gizartea sentsibilizatzeko estrategia bat garatu gura du, xenofobiari eta diskriminazioari aurre egiteko, bizikidetza hobetzeko eta kultura-aniztasunaren indarra baliatzeko.

Elkarregaz jarduteak entitate bien helburuei on egin diezaiekeela sinetsita, ZASek eta TOKIKOMek elkarlan-hitzarmen bat sinatu berri dute. Elkarlan horren barruan, lehen urratsa toki komunikabideetako kazetarientzako prestakuntza ikastaro bat izango da. Ikastaro horretan, kazetariek kontestuko informazio zehatza jasoko dute Euskal Herrira ailegatzen diren etorkinez, eta gako praktikoak ere landuko dituzte sarritan hedatzen diren zurrumurru eta aurreiritziak gelditu eta datu objektiboakaz kontrastatzeko.

Ikastaroa sareko kide diren Xabier Aierdik eta Gorka Morenok zuzenduko dute. Xabier Aierdi Urraza EHUko irakasle ohia da eta migrazioei lotutako gaietan aritu da urte luzeetan. Gizarte-ikerkuntzarako Begirune Fundazioa sortu berri du, eta horrez gain, ZAS! erakundean ari da, immigrazioaren inguruko zurrumurruen aurkako ekimenetan. Gorka Moreno, berriz, EHUko irakaslea eta Euskal Immigrazioaren Behatokiko kidea da. Bere ikerketa-ildoak migrazioei lotuta daude eta hainbat hitzaldi eta mintegi dibulgatibo eman ditu arlo horren inguruan, tartean zurrumurruen aurkako agenteen formakuntzan.

Horrez gain, ZASek gizartea sentiberatzeko komunikazio kanpaina bat ere gauzatuko du TOKIKOMeko komunikabideen bidez, Sarearen beraren lana zein bere balioak gizarteratzeko. Hala TOKIKOMek nola ZASek oso ondo baloratu dute lehen hurbilpen hau, eta espero dute denboran jarraipena izango duen bide baten hasiera baino ez izatea.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun