Udabarria Bertsotan amaitu da eta Bizkaiko Bertsolari Txapelketan kantatuko duten bertsolarien zerrenda erabaki da. Hala ere, zalantza eta bilera askoren ostean, COVID-19ak eragindako egoera dela eta, Bizkaiko Bertsolari Txapelketa datorren urtera arte atzeratzea erabaki du Bizkaiko Bertsozale Elkarteak.
Arduradunek azaldu dutenez, txapelketak parte hartzaileengan duen eragina handia da, euren ikusgarritasuna plaza horrek ematen du eta hurrengo urteetarako plazak eskaintzen dizkie. "Urte berezia da, eta zaila da aukera berdintasuna bermatzea egoera honetan. Batetik, saioen ezaugarriak pandemiaren bilakaeraren arabera alda daitezke eta, bestetik, sailkapen izaera duenez, saio batetan parte hartu ahal ez izateak, Txapelketa osoa galtzea eragingo luke", azpimarratu dute. Dena dela, Txapelketa hori egiteko baldintzak egon ez arren, bestelako saio mota asko antola daitezkeela adierazi dute, denon osasuna bermatuta: "Kultura segurua dela berretsi nahi dugu eta guztiok seguru egonda egiteko moduko saioak antolatu daitezkeela uste dugu. Horregatik, udazken honetarako bertso saioen zirkuitoxo bat antolatzen ari gara. Kulturak merezi duelako eta bertsozaleek ere bai. Aurrerago emango ditugu horri buruzko xehetasunak".