Ongi Etorri Errefuxiatuak

"Ez dezagun ahaztu: migratzea eskubidea da, ez delitua"

Iker Rincon Moreno 2020ko ira. 28a, 09:34

Getxoko Ongi Etorri Errefuxiatuak taldeko kideek deituta, "Itsasoak dakarkiguna" performancea egin zuten dozenaka lagunek atzo, domekan, Algortako Ereaga hondartzan eta Portu Zaharrean. Bertan, besteak beste, Greziako Moriako errefuxiatu-eremuko sutearen biktimak modu duin batean birkokatzeko eginkizunetan parte har dezaten eskatu diote Espainiako Gobernuari eta Eusko Jaurlaritzari.

Joan den irailaren 8an sute batek kiskali zuen Greziako Lesbos uharteko Moriako errefuxiatu-eremua. Ondorioz, bertan nekez eta pilatuta bizi ziren 13.000 pertsona ezer gabe gelditu dira, noraezean. Ezbeharraren ondoren errepidearen bazterrean egotera behartu zituen poliziak; horixe izan zen Greziako Gobernuaren esku-hartze bakarra, artatze-lanak gobernuz kanpoko erakundeen ardura izan zen bitartean. Ongi Etorri Errefuxiatuak taldeko kideek oraindino fresko dituzte Moriako "infernuko" irudiok. Deitoratu dutenez, duintasunagaz eta osasungarritasunagaz bateraezinak ziren baldintzetan pilatuta zeuden 13.000 pertsona horiek, "aurreikus zitekeen" suteak eremua kiskali zuen arte.

Moriako kanpalekua 3.000 pertsonentzako eraiki zuten duela 4 urte, eta orain beste bat eraiki dute Mitilini hiriburutik gertu, kostaldean. Horrek 5.000 pertsonentzako tokia du, baina oraingoan ere mugak gainditu eta 9.500 errefuxiatu bideratu dituzte bertara. "Konfinatuta daude berriro, kontzertinekin hesituta. Bitartean, Europako gobernuek bildu egiten dira haien epaia ezartzeko. Bilera horren emaitza migrazio-politikak gogortzea izan da, baita eskuin muturrekoenaren proposamenerantz hurbiltzea ere. Denak iragartzen du Lotsaren Moria gehiago egongo direla", salatu zuten atzo Algortako Ereaga hondartzara hurbildutako lagunek.

"Itsasoak dakarkiguna" performancea egin zuten atzo Algortan, "jende onaren kontzientzietara jotzeko". Beste alde batera begiratzeari uzteko deia egin zuten Ongi Etorri Errefuxiatuak taldeko lagunek, baita gobernuei euren politika "ankerrak" bertan behera uzteko eskatu ere: "Europa hesiekin eta harrerarako desegokiak tokiekin blindatzen da, pertsonen oinarrizko eskubide bat geldiarazten saiatzeko: duintasunez bizi ahal izateko, seme-alabak hezteko eta, lan zintzoaren bidez, komunitateari ekarpena egiteko eskubidea, alegia".

Moriako sutearen biktimak gogoan izateaz gainera, urtez urte bizitza hobeago baten bila itsasoan hiltzen diren gizon-emakumeak ere ez zituzten ahaztu atzokoan. "Beste behin ere omenaldia egin nahi diegu Mediterraneoan joan den hilera arte hil diren 500 pertsonei; baita, arrisku handiko bidaia batean, Mauritania edo Saharatik Kanarietara iristeko ahaleginetan bizia utzi zuten Saharaz hegoaldeko 200 pertsonei ere".

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun