Urte honen amaieran edo hurrengoaren hasieran abiatuko dira Osteiko bidearen lanak

Unai Brea 2020ko urr. 2a, 13:09
Honaino ailegatzen da gaur egun Osteiko bidea, errepidea amaitzeko azken metroen faltan. © SOPELAKO UDALA

Datozen asteetan, Osteiko bidea eta Olabideko bidegurutze berria eraikitzeko lehiaketa publikoan jasotako eskaintzak aztertuko ditu Sopelako Udalak, eta lanei urte amaieran edo 2021eko hasieran ekingo zaiela aurreikusten dute, 375.000 euroko aurrekontuagaz. Urdulizko Ospitalera ailegatzeko bide laburrena izango da Osteiko.

Metro gutxi batzuk falta dira Olabide kalea eta ospitalera doan Osteiko bidea lotzeko, eta hori osatzeko lanak laster hasiko direla adierazi du Sopelako Udalak. Obrak 3-4 hilabeteko iraupena eta 375.495 euroko kostua (BEZ barne) izango dituela iragarri dute. Atzeratuta dabil proiektua, COVID-19 pandemia dela eta.

Zehazki, 465 metroko luzera du Osteiko bideak, eta 320 daude eginda. Falta dena osatzeko lanetan garrantzia izango du inguruan dagoen eta Gobela ibaira isurtzen den errekasto batek. Errekasto horrek hodi baten bitartez zeharkatzen du errepidea; haatik, hodi horrek ez du ahalmen nahikorik izango etorkizunean, inguruan aurreikusita dauden etxeak eraikitakoan, eratuko den ur-emaria bideratzeko. Horregatik, beste hodi bat egingo da, bidea egiteko lanakaz batera.

Trafiko-arazoak beste era batera konpontzeko sinadurak biltzen

Sopela eta Urduliz Osteikotik errepidez lotzeko asmoak eztabaida ugari piztu du Sopelan urteotan. Bestak beste, Olabide inguruko hainbat bizilagun sinadurak batzen dabiltza, Udalari eskatzeko herrian sortu den trafiko-arazoa konpon dezala. Hala, Sopela.net webgunean argitaratutako elkarrizketa batean, zenbait herritarrek zentzugabekotzat jotzen dute ospitalea Urdulizen eraiki izana, "kontuan izanda zerbitzurik handiena 80.000 biztanle dituen Getxori ematen diola". "Ez al zen egokiagoa hurbilago kokatzea?", diote, "nola planteatu zen Urdulizen kokatzea, eta ez ziren planteatu sarbideak eta aparkalekuak? Zergatik ez dira areagotu Urdulizko Ospitalera joateko garraio publikoa eta ibilbideak?".

Herritar horien ustez, ospitalea dagoen lekuan egiteak Sopelan trafikoa handitzea eragin du, eta arazoa are handiagoa izango da Osteikoko bidearen lanak amaitzen direnean. Elkarrizketa osoa irakur dezakezue lotura honetan.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun