Berbalagunak euskaraz berba egiteko ohitura duten eta mintzapraktika egin gura duten pertsonak batzeko egitasmoa da. Era berean, ohitura galdu eta euskara bizi eta erabili gura duten lagunek ere izena eman dezakete horretan. Izan ere, mota horretako egitasmoak oso baliagarriak dira euskara hobetzeko; Euskaraldiak dioen bezala, "gehiago gehiagorekin eta gehiagotan" erabiltzeko; euskaraz bizitzeko; eta, azken finean, Uribe Kosta eskualde euskalduna sortu, indartu eta zabaltzeko.
Parte-hartzaileak astean behin elkartuko dira, urtero legez. Hala ere, aurten ezinezkoa izango da aurrez aurre elkartu, osasun-neurriak direla eta. Hala, Internet bidezko saioak egingo dituzte oraingoan, ordubetekoak. Taldeak txikiak izango dira; gainera, beste Berbalagun taldeakaz batera onlineko ekintza osagarrietan parte hartzeko aukera izango dute parte-hartzaileek. Arduradunek azaldu dutenaren arabera, egitasmoan parte hartzeko euskaraz komunikatzeko gutxieneko maila izatea derrigorrezkoa izango da; baita 18 urtetik gorakoa izatea ere. Era berean, aurtengo berezitasunak direla medio, beharrezkoa izango da gutxieneko azpiegitura teknikoa eta interneterako lotura izatea, hau da, ordenagailua edo sakelakoa, besteak beste.
Izena emateko aukerak:
- E-posta: ukberbalagun@gmail.com
- Telefonoa: 688 747 207
- Online galdetegia: labur.eus/ukberbalaguna