Enpleguen defentsan

Itziar Larrazabal Gardeazabal 2020ko urr. 10a, 21:57

ELA sindikatuak kezka adierazi nahi du eskualdeko udal-kiroldegietako langileek jasaten duten ziurgabetasun-egoeragatik. Udalek azpikontratatutako enpresen langileak dira, gazteak eta prekarioak. Gehienetan lanaldi partzialekin, hainbat enpresatan lan egitera behartuta, eta ordu osagarri askorekin eta ordutegi-malgutasun handiarekin. 

Udalek, langile horiek beren herrietan zerbitzuak ematen dituzten arren, ez dituzte aintzat hartzen une bakoitzean sortzen diren lan-arloko arazoak, azpikontratatutako enpresetako langileak baitira, eta ez udalekoak. Hori ezin da gertatu, udalerrietan kalitatezko zerbitzuak ematea nahi badugu.

Publikoki salatu nahi dugu udal-erakundeek ez digutela zerbitzuen egoerari buruzko informaziorik ematen. Askotan ez digute bilera-eskaerei erantzun ere egiten eta oso larria den erabateko gardentasun-falta dago. Egungo lantaldeen enplegua defendatzeko eta lantokietan segurtasuna bermatzeko unea da. Berriz ere alderdi politikoei inplikazioa eta langileen interesak defendatzeko eskatzen diegu.

Azken boladan, ohi bezala, Getxoko Udala buru da murrizketen inposizioei eta gardentasun faltari dagokienez. Udaleko arduradunek jakitera eman dute ez dutela agiri (pliego) berririk aterako udalerriko kirol-kudeaketarako. Hori besterik ez dute esan, eta horrek zerbitzuak murriztea eta 80 pertsona kalean uztea dakar. ELAk bilera bat eskatuta dauka aspaldidanik, baina erantzunik ez dago. Badakigu egoera berezi batean gaudela COVID-19a dela eta, baina borroka egingo dugu zerbitzu eta enpleguari eusteko eta langile hauen subrogaziorako eskubidea bermatzeko.

Beste sektore askotan bezala, gure eskubideak defendatzeko uzten diguten bide bakarra mobilizazioa da. Dei egiten diegu eskualdeko erabiltzaile eta herritarrei egingo diren mobilizazioetan parte hartzera.

*ELA sindikatuaren eskualde-arduraduna da Itziar Larrazabal

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun