Aditz-izena, aurrekoan esan bezala, erdi aditz eta erdi izen modura moldatzen da; hau da, izena den aldetik, deklinatu egiten da, eta, aditza den aldetik, aditz-osagaiak eraman ditzake. Nominalizazioa, ordea, bestelakoa da; izan ere, aditza izen bihurtzen da erabat, eta ondorioz izenaren osagarriak soilik dagozkio.
Inguruko erdaretan, gaztelaniaz esaterako, halako hizkera jasoan hitz egin edo idazten denean, askotan agertzen da estilo nominalerako joera. Dirudienez, aditzak baztertuta eta beren ordez izenak erabilita, hizkera "dotoretu" egiten da. Aditzetik sortutakoak dira, adibidez, izen hauek: reaparición, exposición, asimilación, apertura, cierre... Bada, euskaraz ere horrelako zerbait gertatzen ari zaigu. Hasiera batean administrazioko testuetan bakarrik ematen zela uste bagenuen ere, gerora prentsara ere zabaldu zen, eta egun ia edonon aurki dezakegu izen bihurtutako aditzen bat.
Aditzetik izena eratortzeko, nagusiki, -keta, -pen, -era, -mendu, -kuntza eta -zio atzizkiez baliatzen gara (aldaketa, sorrera...). Hala ere, ez dugu ahaztu behar hizkuntza bakoitzak bere tresneria edo baliabide bereziak dituela esan beharrekoa formulazio propioz adierazteko, eta euskarak aditz-egituretan oinarritutako joskera du berezkoago. Hona hemen zenbait adibide, zertaz ari naizen erakusten dutenak: Programaren erabilerarako zenbait ohar (nominalizazioa)/ Programa erabiltzeko zenbait ohar (aditz-izena). Negozio baten sorrerarako lehen pausoa (nominalizazioa)/ Negozio bat sortzeko lehen pausoa (aditz-izena).
Euskaltzaindiak ez du araurik eman gai honetaz, baina azkenaldian, estilo-liburuetan askotan kritikatu izan dira erdal nominalizazio-estiloaren moldeko kalkoak. Euskaraz aditzaren ordez izena erabiltzen bada, esapide puztuak sortzen dira maiz, eta zoratu egiten gara producirse, efectuar eta antzeko hainbat aditzen euskarazko ordainen bila.
Euskaltzaindiak ez du araurik eman gai honetaz, baina azkenaldian, estilo-liburuetan askotan kritikatu izan dira erdal nominalizazio-estiloaren moldeko kalkoak; izenzalekeria, alegia. Kontua da euskaraz aditzaren ordez izena erabiltzen bada, esapide puztuak sortzen direla maiz, eta zoratu egiten gara producirse, efectuar, proceder a eta antzeko hainbat aditzen euskarazko ordainaren bila. Horren ondorio zuzena da, zehazki, burutu aditzaren erabilera ustela: *Klimaren aldaketa burutu da. (Bide batez, gogoratu burutu aditza, adiera bat baino gehiago izan arren, ez dela gertatu edo egin aditzen sinonimoa, amaitu-rena baizik). Askoz egokiagoa eta jatorragoa da klima aldatu (egin) da esatea. Beraz, kontuz aditz "betegarri" eta "ortopedikoekin", erabat astuntzen baitute testua: burutu, gauzatu, jasan, gertatu, suertatu, egin... Hona hemen zenbait adibide: 2021. urtera arteko kontratu-luzapena egin du/ 2021. urtera arte luzatu du kontratua. Aldaketa handiak jasan ditu egutegiak/ Asko aldatu da egutegia. Egutegi baten prestaketa lortzea da helburua/ Egutegi bat prestatzea/osatzea/betetzea da helburua. Produktu berezi horren salmenta botiketan gauzatzen da/ Produktu berezi hori botiketan saltzen da.
Batzuetan, ordea, nahiz eta nominalizazioa arrunta izan, ez da garbi egoten zein aditz erabili: Aldaketa handia izan/egin/jasan du Patxik. Bada, horrelakoetan zalantzak baditugu, nominalizazioaren erabilera egokia ez den seinale. Kasu horietan ez dezagun nominalizazioaren bidetik jo: Oso aldatuta dago Patxi. Ikusten denez, euskarak baditu baliabideak sobera aditzera eman beharrekoa argiago adierazteko.
Baina izen egokia bilatzen ibili behar izateaz gain, nominalizazioaren erabilerak badakar beste arazo bat. Nominalizatzean hizkera abstraktuagoa izaten da, lehen esan bezala, eta -ko eta -en lotura asko erabili behar izaten da. Adibidez: Inguruko animalia eta landareekiKO errespetuzKO zainketa-ohiturak garatzea. Aditz-izena erabiltzeak arindu egiten ditu lotura horiek: Inguruko animalia eta landareak errespetuz zaintzeko ohiturak indartzea.
Amaitzeko, honekin guztiarekin ez dut esan nahi nominalizazioa erabili ezin denik, inola ere ez. Aldaketa, sorrera eta gisa horretako nominalizazioak egokiak eta beharrezkoak izaten dira batzuetan. Baina saia gaitezen euskarak dituen baliabideak erabiltzen, eta ez beste hizkuntzak oinarri hartuta itzulpenak egiten.