Beñat Amade getxoztarrak irabazi du Bizkaiko Pentatloi Txapelketa

Iker Rincon Moreno 2020ko urr. 19a, 15:31

Joan den zapatuan, hilaren 17an, jokatu zen Algortan Bizkaia mailan lehenengo aldiz antolatu den pentatloi txapelketa. Biotz Alai plazan zazpi kirolari batu ziren, txapelaren bila; horietatik denetatik, Beñat Amade getxoztarra gailendu zen, aizkoran ondo aritu eta korrikan jaun eta jabe izan ondoren.

Egin beharreko lana honako hau izan zen: 15 jasoaldi 100 kiloko bolari, giza proban untze bi 400 kiloko harriari tiraka, lau enbor aizkoran, 50 kiloko txingakaz lau untze eta 1.500 metro korrika.

Beñat Amade izan zen proban parte hartu zuten zazpi kirolarietatik onena; Ioritz Gisasola mallabiarra txapeldunorde geratu zen eta hirugarren postua Mikel Agirre ondarrutarrak eskuratu zuen.

Amadek azaldu duenez, azken denboraldian gogor entrenatu du eta horri esker "oso ondo" ikusi du bere burua proban. Aitortu du hasiera batean ez zuela espero lehian nagusitzea, Ioritz Gisasola gogor ikusten baitzuen. Hala ere, aizkoran ondo moldatuz gero txapela janzteko aukerak izan zitzakeela jakinda, horretan ondo jardun eta korrikan denborak hobetzea lortu zuen zapatuan: "Hor egon da gakoa".

Sailkapena

  1. Beñat Amade.......................... 28' 26"
  2. Ioritz Gisasola Zelai IV............29' 17"
  3. Mikel Agirre.............................. 29' 49"
  4. Jon Gisasola Zelai V...............32' 27"
  5. Daniel España................. ........38' 34"
  6. Unai Ardeo................................40' 10"
  7. Ousmane Drame............ Erretiratu egin zen.

Argazki-galeria (Hodei Torres)

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun