Milaka antxoa Uribe Kostako kostaldean

Iker Rincon Moreno 2020ko urr. 21a, 10:02

Joan den egunetako ekaitzen ondorioz, sagailoa egon da Kantauri isurialdean. Hala, milaka eta milaka antxoa agertu dira euskal kostaldean egunotan, baita Uribe Kostan ere, denboraletik babestu guran edo. Horiekin batera, txitxarroak eta bestelako harrapakariak gerturatu dira gurera, portuetan pilatutako arrain-sardei eraso egin eta euren burua elikatzeko, Algortako Portu Zaharrean grabatutako bideoan ikus daitekeenez.

Egunotako itsasaldi biziek milaka eta milaka antxoa ekarri ditu euskal kostaldera. Portuetan arrain-sardak ikusi ahal izan ditugu, denboraleetatik babestuta. Hondartzetan, aldiz, harean lehorreratuta topatu ditugu beste horrenbeste. Aste-akabuan atzeman ziren lehenengo arrainak horrela, sare sozialetan zabaldutako hainbat bideotan ikusi ahal izan dugunez; hala ere, oraindino ere arrastoak topa ditzakegu. Atzo arrastian, berbarako, Armintzako portuan ikusgarria izan zen itsasbeheragaz harrapatuta gelditu zen arrainen kopurua. Ez ziren gutxi izan egoera aprobetxatu eta sare-saski baten laguntzagaz arrantzatu zituztenak. Aurreko egunetan ere askotarikoek bapo egin zuten Algortako Portu Zaharrean antxoei jarraituta gurera etorritako txitxarroak arrantzatzen.

Adituen arabera, askotarikoak izan daitezke antxoen lehorreratze masibo horren arrazoiak. Eguzki talde ekologistak azaldu duenaren arabera, aurten antxoen biomasa handia da eta harrapakariak erakarri ditu, berdela eta txitxarroa kasu. Hala, harrapakari horietatik ihes egin guran, kostaldera gehiegi hurreratu eta harrapatuta gelditu ei dira antxoak. Andres Uriarte Aztiko adituak Noticias de Gipuzkoa komunikabidean atzo azaldu zuenez, aldiz, joan den astean bizi izandako sagailoen ondorioa dira lehorreratzeok. "Itsasoan jazotako ekaitz gogorrekin dago lotuta fenomenoa. Joan den astean, martitzen, eguazten eta eguenean oso eguraldi txarra egin du eta hobetu egin da aste-akabuan, eta egun horiexetan agertu dira antxoak hondartzetan". Izan ere, azaldu duenez antxook oso txikiak direla, eta ur-gainazaletik oso gertu egoten direla; ondorioz, denboraleek eragin handia dute eurengan: "Sagailoa badago eta arrainak kostaldetik gertu badaude, normalena da olatuek arrain-sarda horiek kostaldera bideratzea".

Garai berean, duela 63 urte

Ez da lehenengo aldia mota horretako fenomenoa gertatzen dela gurean; Memorias de Getxo blogak gogoratzen duenez, 1957ko urriaren 17an ere antxoez bete ziren Ereaga eta Portu Zaharreko urak, izurde eta bestelako harrapakarietatik ihesi zeudela.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun