Sakonean

Okupazioa, arazo soziala ala interes politikoa?

Iker Rincon Moreno 2020ko urr. 22a, 09:37

CC-BY JON ROMAN

Hedabideek okupazioaren inguruko alarma soziala piztea lortu dute gizartean udaldian hauspotutako bonbardaketa mediatikoaren ondoren. Hala ere, zergatik sortu da horrenbesteko alarmismoa? Arrazoizkoa da? Datuek diote okupazioek ez dutela nabarmen gora egin aurten, baina beste krisi ekonomiko baten atarian gaudela, Bilboko Okupazio Bulegoak azaldu duenez, medioetan zabaldu diren mezuek helburu argia dute: beldurra sortzea jabe txikien artean eta jabetza pribatuak babestea.

Okupazioaren inguruko eztabaida pil-pilean egon da azken hilabeteotan zenbait hedabidek eta alderdi politikok antolatutako kanpaina mediatikoaren ondorioz. Udaldian pandemia gure artean “kontrolpean” zegoela uste zenean, COVID-19ak komunikabideetan hartzen zituen hutsuneak betetzeko kimera berria mahai-gaineratu dute boteredunek aurten: okupazioa. Hala, uztail-abuztu artean, herritarrok egunero entzun eta ikusi behar izan ditugu okupazioari lotutako berriak han eta hemen. Tarte horretan askotariko mezuak zabaldu dituzte hedabideek jabe txikien artean beldurra eragin guran. Berbarako, Dani Dominguez kazetariak La Marea hedabidean azaldu duenez, abuztuaren 10etik 17ra egunero eman zen okupazioaren “arazoaren” inguruko albisteren bat edo beste Antena 3 espainiar telebista-katean; egoera hori bestelako hedabideetara ere zabal daiteke ere.

Bonbardaketa mediatiko horren ondorioz, okupazioari lotutako herritarren interesa biderkatu egin da udan zehar; Google bilatzailean gaztelaniazko “okupazioa” eta horri lotutako terminoen kontsultak boskoiztu egin dira abuztuan, azkenengo bost urteakaz alderatuta. Arazo “larri” baten aurrean gaudela irudikatu gura izan dute batzuek, edozein momentutan jabe txikiek euren etxebizitza gal dezaketenaren irudia mahai-gaineratzeraino. Hala ere, okupazioei lotutako salaketei begiratuz gero, etxebizitzen usurpazioek ez dute nabarmen gora egin azkenaldian. Espainiako Barne Ministerioak emandako datuen arabera, 2019an horri lotutako 14.621 salaketa egon ziren, eta 2020ko lehenengo seihilekoan ez da aparteko gorakadarik egon. Adituek diotenez, 2008ko krisi ekonomikoaren ondoren egin zuten nabarmen gora okupazioek espainiar Estatuan, 2013ra arte. Hurrengo hiru urteetan kasuek behera egin zuten; eta, 2016tik aurrera, salaketek “hazkunde moderatua” izan dute urtez urte, orain arte. 

Zaila da jakitea gaur egun zenbat pertsona bizi den modu ilegalean okupatutako etxebizitzetan. Cerdà Institutuaren kalkuluen arabera, 87.000 etxebizitzatik gora daude legez kanpo okupatuta Espainiar Estatuan; beste iturri batzuek diote 100.000 ere izan daitezkeela. Baina, zenbat etxe huts daude gure inguruan? Azkenengo datuen arabera, Estatu mailan 25 milioi etxebizitza daude zentsatuta; horietatik 3,5 milioi inguru hutsik daude, hau da, ez zaie inolako erabilpenik ematen. EAEko datuei erreparatuz gero, Eusko Jaurlaritzaren etxebizitzaren erabilerari buruzko 2019ko txostenak dio 1,05 milioi etxebizitza daudela zentsatuta; horietatik denetatik, 33.446 bigarren mailakoak edo sasoikoak dira eta 53.533 okupatu gabeak, huts-hutsik eta erabilpenik ematen ez zaienak, alegia. Azken horien artean, bolumenik handiena Bizkaian dago kontzentratuta (30.375); eta bereziki, Bilbo metropolitarrean (19.547). 

Kezko hesia

Datu ofizialei erreparatuz gero, espainiar Estatuan hutsik dauden etxebizitzen % 2,5 inguru dago legez kontra okupatuta, eta ez da okupazioen hazkunde nabarmenik egon azkenaldian. Hortaz, zer dela eta piztu da horrenbesteko alarmismoa? Galdera horri erantzun dio Gisèle Felli Gorritxo Bilboko Okupazio Bulegoko kideak. Dioenez, COVID-19ak eragindako krisiak atzerakada ekonomiko bat ekarriko du gurean eta, horren ondorioz, aurreikus daiteke krisi horrek etxegabetzeak eragingo dituela epe laburrean. “Nolabait boteredunek jendeari emandako abisutxo bat da kanpaina hau”, azpimarratu du. “Azken finean, jendea etxebizitzarik gabe gelditzen bada, nonbait bizi beharko da, eta askok okupazioaren bidea hartuko dute. Ondorioz, horrek talka egingo du boteredunen jabetzekin, besteak beste”. Hala ere, gogoratu du krisi honek lehendik zetozen beste hainbat gabezia hauspotu baino ez dituela egingo, horien artean etxebizitzaren sarbidea. Bilbotarrak deitoratu duenez, gaur egun ez dago bermatuta leku duin batean bizitzeko eskubidea; “dugun eredu sozioekonomiko kapitalistan sortzen diren arazoen adierazpen bat baino ez da hori”. Izan ere, deitoratu duenez, etxebizitza bat eskuratzeko modu bakarrenetarikoa merkatu pribatuan sartzea da gehienetan; “ondorioz, normala da orain merkatu pribatu horiek dituzten interesak babestea; horretarako, okupazioaren kontra egitea beharrezkoa da”. 

“Okupazio mugimendua nolabait jabetza pribatuaren aurkako planto bat da. Ez da posible jabetza pribatua aldarrikatzea lo egiteko leku gabeko jendea dagoen bitartean”

Gisèle Felli Gorritxo
Bilboko Okupazio Bulegoko kidea

Bestalde, hedabideek zabaldutako mezuei dagokienez, Gisèlek argi du jabe txikien artean ezinegona sortzea izan dutela helburu: “Azkenaldian hedabideetan jazo diren kasu mediatikoak ikusi besterik ez dago. Eman nahi izan duten mezua argia da: “Aizu! Auzokide bati okupatu diote etxebizitza; hurrengoa zu izan zaitezke””. Dioenez, beldurra erabiltzen dute herritarren artean talkak eragiteko: “Gizarteak sinetsarazi nahi digu jabe txikiak ez direla langile klasearen parte, pribilegiatuagoak direla, klase ertainaren fantasia mantenduta”. Hala, boteredunek egoera prekarioago batean bizi direnen eta jabe txiki horien artean nolabaiteko ezberdintasuna areagotu nahi izan dutela deitoratu du bilbotarrak: “Baina, kontuz! Jabe izateak ez dizu ezer bermatzen. Zenbatetan galdu da etxebizitza bat hipoteka pagatu ezin izan delako? Mota horretako kaleratzeak oso errazak dira”. Nahitaezko desjabetzeak ere mahai-gaineratu ditu Bilboko Okupazio Bulegoko kideak: “Edozein unetan eman daiteke hori, unean uneko interesen arabera”.  

Jabe txikien etxebizitzak, bermatuta

Norberaren edo auzokideen etxebizitzen okupazioek eragin dute ezinegon gehien herritarren artean. Horren harira, askotariko buloak eta zurrumurruak zabaldu dira leku askotan, hala nola zaila dela norberaren etxebizitzara sartu den pertsona bat kaleratzea. Horren harira, argitu beharra dago orokorrean erabilpenik ez duten eta horrexegatik hutsik eta abandonatuta dauden etxebizitzetara sartu ohi direla okupak, hala nola banketxeenak eta inbertsio funtsenak. “Jabe txikien etxeak ere okupatu dira inoiz, baina betiere denbora luzez erabilerarik izan ez dutenak”, dio Gisèlek. Izan ere, azaldu duenez, okupatzen duen jendeak, izan borrokarako tresna gisa modu interesatu eta kontziente batean edo behar hutsagatik, helburua beti izan ohi du ahalik eta gehien irautea etxebizitza horretan. Hala ere, halakorik gertatuz gero, legeak berme guztiak ditu epe laburrean (gehienez bost egun) okupa kaleratzeko. Etxebizitza denek babes berezia dute espainiar Estatuko konstituzioan, eta horrek eragina du alde bietan. Pertsona batek norbaiten etxebizitza okupatuko balu, bizilekua bortxatze-delitutzat hartuko luke epaileak eta berau kaleratzeko agindua emango luke segituan; bigarren mailako edo sasoiko etxebizitzak ere modu horretan babestuta daude. Aldiz, norbaitek etxe huts bat okupatuko balu bertan bizitzeko, usurpazioa izango litzateke eta inor ezin izango litzateke bertan sartu berau kanporatzeko, epaile batek hala agintzen ez duen bitartean. “Kasuak egon daitezke non segurtasun indarrek momentuan kanpora zaitzaketen, baina horretarako poliziek zuzenean ikusi beharko lukete ekintza, begien bistako egindako delitua egotzita. Dena dela, nabarmendu behar dugu inondik inora ezingo diotela kalteen delitua egotzi usurpazioari”, azaldu du bilbotarrak.

Etxe hutsak biziberritu

Edozein herritan eta auzotan topa daiteke hutsik dagoen etxebizitzaren bat, edo eraikinen bat ere. Ez zaie inolako erabilpenik ematen horiei, abandonatuta daude, denborak erabakiko duen zoriaren zain. Gisèlen arabera, askoz ere onuragarriagoa da etxe horiek okupatuta mantentzea hutsik egotea baino. Izan ere, kasuistikak askotarikoak diren arren, orokorrean, okupatzen dutenek euren bizitokia izango den hori konponduko dute ahalik eta ondoen egon ahal izateko. Era berean, inguruko auzokideakaz ere harremanak izango dituzte, auzoaren beharrei erantzuteko. Horrek talka egiten du zurrunbilo mediatikoan zabaldu den beste zurrumurruetako bategaz: okupen eta auzokideen arteko bizikidetza-arazoa. Horri lotuta, Bilboko Okupazio Bulegoko kideak argi du edozein komunitatetan eman daitezkeela bizikidetza-arazoak: “Nork ez du eduki auzokide bat, jabea dena, eta ez duena dirua jarri nahi obra bat egiteko edo musika ozenegi jartzen duena ordu txikietan?”. 

2018ko Prozedura Zibilaren Legearen aldaketagaz, etxeak okupatzen dituztenentzako zigorrak gogortu eta kaleratze prozesuak bizkortu egin ziren, “kaleratze express” direlakoagaz. Hala ere, Gisèlek dioenez, aldaketa hori egoera konkretu batzuetara begirakoa zen, hau da, ugazaba txikien etxebizitzak babesteko. Aldaketok EAJ, PDeCAT, C’s eta PP alderdiei esker egin ziren. 

Okupatzen duen jendearen profilari dagokionez, bilbotarrak dioenez, 2008ko krisiaren ondoren, gero eta askotarikoagoa da okupatzera jotzen duen jendea. Hasiera batean gazteak ziren, emantzipatzeko eta euren bizi-proiektua garatu ahal izateko bide modura hartzen zutenak. Ondoren, krisiaren eztandak behartuta, norbanako eta familia zaurgarriek ere behartu dute euren burua etxe hutsetan sartzera; migratu askok ere bide hori hartzeko beste aukerarik ez dute izan. Hala ere, badago gaur egungo sistema kapitalistatik deskonektatzeko borroka-tresna gisa okupazioa erabiltzen dituztenak ere. Azken horiek proiektu integralak garatu ohi dituzte okupazioaren inguruan, sistema neoliberalari aurre egiteko topagune gisa. Horren eredu beteranoa dugu inguruotan: Erandioko Astika Herria proiektua.

Astika herria, Borrokarako tresna

Astika Herria etxebizitza multzo bat baino gehiago dela diote bertan bizi diren hamar lagunek; “bertan topatzeko eta harremanak izateko aukera dugu, elkarrekin ikasiz eta hasiz”. Diotenez, askotariko argudioak izan dituzte okupazioaren bidea hartzeko, hala nola etxebizitzen neurrigabeko salneurriak, euren auzoetatik alde egin behar ez izateko eta sistema espekulatzaileari aurre egiteko, besteak beste. 

Astika auzoan XVI. mendeko baserriak daude, orain Labartain SL enpresa eraikitzaileak bota gura dituenak. Okupek diotenez, elkarlanez eta autogestioaz auzoa biziberritu dute eta, horregatik, “zeharo zilegi da lur eta etxe hauek babesteko nahia”.

Urtez urte mamitzen joan den proiektua garatu dute, norabideak aldatuta partaideen joan-etorriak ere bizi izan dituena. Denbora-tarte horretan, askotariko ekimenak burutu dituzte bertan, betiere auto-formakuntzan oinarrituta, hala nola ogi- eta erlezaintza-tailerrak. Horrez gainera, inguruak egokitzeko lanak ere egin dituzte: lorezaintza; bideen eta etxeen konponketak; baso-lanak; eta etxeen eta nabeen hornidurak bermatzea, besteak beste. “Hau da, herri batek izan ditzakeen eta bururatu daitezkeen konponketa eta behar guztiak”. 

Duela hamazortzi urte okupatu zituzten Astika auzuneko etxeak, “Erandio inguruan gelditzen diren gune berdeak defendatzeko eta lurrarekin lotura handiagoa duen harreman bat sortzeko asmoz”. Azaldu dutenez, okupatutako etxebizitza horiek Labartain SL enpresa eraikitzailearenak dira gaur egun, horietara sartu aurretik instituzioen utzikeriagatik “isolamenduan itota” eta jausteko zorian zeudenak. Salatu dutenez, enpresa horrek eremu horretan lurrak edo etxebizitzak zituzten familiak beren jabetzak saltzera “behartu” zituen, hainbat  “presio-tresna” erabilita, inguruotan azpiegitura handi bat eraiki ahal izateko. Izan ere, Faoeta auzotik hurbil dago Astika, haren eta Carrefour merkataritza-gunearen artean. Hala, 2010ean eremua birsailkatu zuen Erandioko Udalak, nekazaritzako lurzoru-izaera kendu eta industria-lurzoru izendatzeko. Orain, bertako bizilagunek jakin dute Udalak euren etxeak eraisteko baimena eman diola enpresari. “Udalak merkataritza-harremanak lehenesten ditu etxebizitza-eskubidea bezalako oinarrizko lehentasuna bermatu beharrean”, deitoratu dute Astika Herriako kideek. 

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun